Lekeitioko Garraitz irlari Parke Arkeologiko izaera aitortu diote
Atabaka elkartea, Lekeitioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko saila Garraitz irlari buruzko txosten botanikoa ere egiten ari dira.
Aitorpen hori lortzeko ahaleginak egiten aritu dira azken urteetan Lekeitioko Udala eta Lekeitioko Atabaka Elkartea, Aranzadi zientzia elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Bide horretan, orain dela hilabete batzuk, Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta hizkuntza politikako sailburuak, Lorea Bilbao Ibarra Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Andoni Iturbe Amorebieta Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiak eta Atabaka, Aranzadi eta Lekeitioko Udaleko ordezkariek bisitatu zuten irla. Eta jakinarazi dutenez, bisita horretan Garraitzen egoera eta balioa mahai gainean jarri zituzten, eta Parke Arkeologikoaren izaera lortzeko ardatzak ezarri zituzten. Orain, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzak aitorpena egin dio.
Atabaka Kultur Elkarteak, Lekeitioko Udalak eta aldundiak uhartearen garbiketa eta azterlan arkeologikoen kanpainak bultzatu ditu azken urteetan. 2015etik Garraitz irlako kultura ondarearen inguruko lau ikerketa kanpaina egin dirtuzte. Lan horien ikuskapen arkeologikoa Alfredo Moraza Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak egin du.
Gaur egunera arte uhartean aurkitu diren aztarna arkeologikoen egiturak Erdi Aroaren amaierakoak, aro modernokoak eta garaikidekoak dira (XIV-XIX. mendeak). Hala ere, etorkizunean erromatarren aroko okupazio bat aurki daitekeenik ezin da baztertu diote, “Lekeitioko hiribilduaren inguruan aurkitu denaren modukoak”.
Ikertzen. Azaldu dutenez, Atabaka elkartea, Lekeitioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko saila Garraitz irlari buruzko txosten botanikoa ere egiten ari dira. “Txosten honen bidez, Garraitz uharteko landaretza eta egungo kontserbazio egoeraren ezagutza handitu eta ondare botanikoa berreskuratzeko eta mantentzeko kudeaketa ereduak proposatu nahi dira”.
Horrez gain, Lekeitioko Udala eta Atabaka Kultur Elkarteak Garraitz 25 proiektua aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundian. “Proiektuaren helburua Garraitz uharteko multzo monumentala dokumentatzea eta balioa ematea da”.