Markina-Xemeingo EAJk dio EH Bilduk Rementeriaren eta Egurrolaren berbak "desitxuratu eta manipulatu" egin dituela
Markina-Xemeingo jeltzaleek esan dute orain arte ez dutela eztabaidan sartu nahi izan, "baina herrian edukitzen ari den eraginaren aurrean, erantzuna ematea baino besterik" ez zaiela geratu.
Maiatzaren 12an eman zuen mitina EAJk Markina-Xemeinen. Agerraldi horretan, herriko hautagai jeltzaleek eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusigaiak hitz egin zuten, besteak beste. EH Bilduk joan den astean mitinean Rementeriak eta Egurrolak esandako hitzak gezurtatzeko oharra zabaldu zuen. Orain, Markina-Xemeingo jeltzaleek EH Bildukoek Rementeriaren eta Egurrolaren berbak “desitxuratu eta manipulatu” egin dituztela esan dute. “EH Bildukoek hauteskunde kanpainan eztabaida antzuak sortzeko asmoarekin egin dute hori”.
Azaldu dutenez, Markina-Xemeingo jeltzaleek ez zuten eztabaidan sartu nahi, “baina herrian edukitzen ari den eraginaren aurrean, erantzuna ematea baino besterik” ez zaiela geratu diote.
Argitu nahi izan dutenez, Rementeriak ondokoa esan zuen: “Markina Xemeingo saihebidearen proiektuagaz be bagabilz esku artean, zentrotik pasatzen dan trafikoari soluziobide bila eta Etxebarriara doazen kamioi eta kotxeei irtenbidea emon gurean, baina proiektu honetan udalaren alkarlana behar dogu, laguntza hori behar dogu eta orain arte, Bilduko udalagaz ez da posible izan. Ez da posible izan.. Baina ziur nago posible izango dala hurrengo udalagaz. Seguru nago”. IKUS BIDEOA
Bestetik, Egurrolak hitzez hitz ondokoa esan zuela gaineratu dute: “Guk danok herrixan alde egingo dogu, herrixan alde idea barrixek proposatzen, goguaz, ilusiñoiaz eta oin arte hemen herrixen ikusi danaz konparaute, guk beste modu batera egin gure doguz gauzak, beste era batera, herritxarren onduen egonda, entzuten, bai, entzun, aztertu eta proposatu, inor baztartu barik, horrek ezberdintzen gaitu beste alderdi batzuengandik. Eta gure eslogana da ‘Markina Xemein danongatik eta danontzako'”. IKUS BIDEOA
Horrez gain, batzordeen parte hartzeari buruz, esan dute EAJren udal taldeak batzordeetan parte hartu duela, baina horrek ez duela esan nahi erabakietan parte hartzeko aukerarik eduki dutenik, “ezta euren iritzia kontuan izan denik ere”. Horren adibide legez, Karmengo iturriarekin gertatutakoa mahairatu dute. “Jeltzaleek behin eta berriro herritarrei galdetzeko eskatzen zuten bitartean, EH Bilduren udal gobernuak iturriaren aldaketa egin zuen, azpikeriz”.
Jeltzaleek esan dutenez, azken orduotan, koalizioko kideek “anabasa honetan” beste gai bat sartu nahi izan dute: “Gazteleku proiektuarena. Sinatuta eta berretsita dagoen proiektua”.
Markina-Xemeingo EAJk euren aurka esandakoak arbuiatu ditu. “Gezurrak, mila bider eta mila tokitan errepikatu arren, ez dira egia bihurtzen, gezur izaten jarraitzen dabela jakin beharko lukete eztabaida antzuen bila dabiltzanek”.