Pelota Eguna ospatuko dute Etxebarrian
Pilota modalitate ezberdinak probatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Leire Etxaniz Bengoa herriko pilotaria omenduko dute.
Etxebarriko Txik-Txak kirol elkartearen eskutik Pelota Eguna ospatuko da Etxebarrian zapatuan [maiatzak 25]. Herriko kirol arloan nabari zuten hutsunea bete eta kirola sustatu asmoz sortu zuten duela sei bat hilabete Txik-Txak taldea herritar batzuk. Herriko beste talde batzuen ekimenak lagundu dituzte orain arte, eta zapatukoa taldeak antolatzen duen lehen ekimena izango da.
Pilota modalitate ezberdinak ezagutu eta batez ere probatzeko aukera ekarriko du Pilota Egunak. Etxebarriak pilotagaz lotura handia izan duela gogora ekarri dute taldeko kideek, hori dela eta pilotari lotutako egun bat antolatzea erabaki dute.
10:00etan hasiko da ekimena frontoian eta 13:00ak arte luzatuko da. Bertan elkartu eta egunaren aurkezpena egin eta azalpenak emango dituzte antolatzaileek lehendabizi, eta ondoren, pilotak egiten ikasteko tailerra izango dute. Leire Etxaniz Bengoa Emakume Master Cuparen irabazleagaz esku pilotan jarduteko aukera ere edukiko dute parte hartzaileek gainera, ikastaroa amaitutakoan.
Zesta-puntak hartuko du txanda jarraian. Azalpen batzuk eman ostean, zestak ekarri eta jokatzeko aukera egongo da. Eta zestarekin saiatu ondoren, pala izango da frontoi nagusiko protagonista.
Frontoiagaz gainera, herriko beste txoko bat ere erabiliko dute pilotan aritzeko. Elizpeko ertz bat trinkete bat bezala erabiltzen dute herritarrek, eta bertan eskuz jokatuko dute.
Azkenik, egunari amaiera borobila emateko, Leire Etxaniz Bengoa herriko pilotariari omenaldia egingo diotela aurreratu dute.
Pelota Eguna batez ere umeei begira antolatu badute ere, adin guztiei zabalik dagoen herri ekintza bat dela jakitera eman dute Txik-Txak taldekoek. “Parte hartu nahi duenak bertan goizean eman ahalko du izena nahi duen kirol jardueran parte hartu ahal izateko”.