Aitor Odiaga: "Kultura eta hezkuntzako gabeziei erantzun nahi diegu"
Odiaga EH Bilduren Markina-Xemeingo zinegotzia izan da azken urteetan. Orain, alkate izateko koalizioaren hautagaia da. Egiteke geratu diren gauzak amaitzeko prest agertu da.
Azken zazpi urtez zinegotzi egon ostean alkatetzarako hautagai zara orain. Zer dela eta eman duzu pauso hori?
Lehenengo eta behin planteatu zidatenean zerrendan lehenengo joatea zorabio apur bat sentitu nuen. Hasiera batean, ez ezezko biribil bat, baina nahikoa duda nituen. Itxura batean konbentzitzeko erraza naiz, eta konbentzitu ninduten. Zazpi urte egin ditut zinegotzi, ez dira urte txarrak izan eta pentsatzen dut zikloa osatu egin behar nuela, modu batera edo bestera, ete alkategai joanda zikloa zarratzen zela. Gainera, gauza batzuk geratu dira egiteko, eta horiei amaiera emateko konpromiso hau hartu dut.
Zer da Markina-Xemeini eskaintzea falta zaizuena?
Falta dira gauzak egiteko, eta programan ere jaso ditugu. Kulturan eta hezkuntzan gabezi batzuk ikusi dira, eta horiei erantzun nahi diegu. Bekobenta eskolak, esaterako, eskari batzuk ditu, gabezi batzuk daude, falta dira gauzak amaitzeko. Gazteguneagaz atal bat osatu da. Gurasoen aldetik eskaera bat zegoen, prozesu bat aurrera eraman da, baina prozesuari amaiera emateko gaztegunearen eraikina sortu eta horren kudeaketa zarratu beharko da. Kulturari dagokionez, Xemeingunea hor dago, eta kultur eraikinen sare hori osatzen joan behar da. Irisgarritasunari ere erantzun bat eman behar zaio, eta alde zaharra ere konpondu behar da. Azken finean, denontzako herri eroso bat egitea da helburua, eta hiru alor horiek bai hezkuntza, bai kultura, bai irisgarritasuna funtsezkoak dira.
Herri Biblioteka eraberritzea ere EH Bilduren proiektuen artean dago.
Ideia argi bat daukagu, bertan haztea. Herri Biblioteka bera dagoen lekuan handitzea, moldatzea, premiei bertan erantzutea da asmoa, eta aukera badago. Nik ez dut uste eraikin berri baten premiarik daukagunik gaur egun. Uhagon daukagu, Xemeingunea daukagu, herri biblioteka daukagu, udaletxe zaharra ere hor dago, eta epaitegia eta artxiboa geratuko dira bertan bakarrik. Hor dago eraikin bat herriaren erdian, herriarena dena eta moldatu daitekeena. Zertarako? Bere premia eta bere zentzuna aurkitu beharko zaio. Eraikin berri bat erosi eta gero, moldatu egin behar da, hor sartzen zara gastu ikaragarrian; eraikinari, gainera, bere pisua ematen diozu, baina zer zoaz hustera? Uhagon? Niretzako ez dago horren premiarik, premia hori premia artifizial bat da. Ditugunak erabili ditzagun era koherente baten. Goazen dagoenari bere pisua ematera, inbertsioa egin behar bada egin eta hobetzera, baina ez da premia berririk sortu behar.
Udalak herritarrentzat zabalik lan egitea oinarrizkoa dela diozue. Zein da herritarrekin eta herriko taldeekin bilatzen duzuen harremana?
Ahalegina egin da herritarrekin eta taldeekin harremana zaintzeko. Batzuetan ez zen lortuko, akatsak egon direla seguru, baina horrek balio behar digu ikasteko eta akats horiek zuzentzeko. Herritarrentzat zabalik egon da nahi duenak bere kezkak agertzeko. Gainera, ahalegin berezia egin da auzoetara heltzeko. Bederatzi auzo ditugu, eta auzo batzarrak egin dira bertako kezkak jasotzeko. Normalena da baserrietako jendeak udala urrun ikustea. Behintzat, gutxienez, urtean behin kezkak entzun eta eurek ere udalean erreferente bat edukitzea.
Azpiegituren alorrean, Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidea lehen lerroan dago. Zuek diozuenez proiektua aurrera ateratzen saiatu zarete eta ez duzue erantzunik eduko aldundiaren aldetik.
Saihesbidearen premia ez du inork eztabaidatzen, oso argi ikusten da eta. Herritik igarotzen diren ibilgailu txiki gehi garraio astunaren kopurua oso handia da. Horri, azkenaldian, egurrak daramaten kamioien harantza-honantza gehitu zaio, pinuen gaixoak eraginda. Hori dela eta, Azarori txosten bat eskatu genion Etxebarriko eta Markina-Xemeingo udalek, jakiteko osotasunean zer suposatzen zuen bide horren igarobideak. Txosten hori jaso eta txanda eskatu zen aldundian; gaur arte. Eta hori Unai Rementeriari urtero egiten dituen bisita instituzional horietan gogorarazi zaio. Etxebarrian gune industrial handia dago, eta handitzen doa, eta hori ona da denontzat, baina aldi berean, zirkulazioa ere gehitzen doa, eta, beraz, saihesbide hori premiazkoa da. Proiektua idazten ari dira, baina hori dokumentu bat da. Proiektu hori gero aurrekontuetan sartu behar da, eta pisua eman behar zaio.
Autobus geltokia saihesbidera ateratzeko proposamena ere hor nonbait dabil. Zein da zuen proposamena?
Aldundiak zer egiteko ustea zeukan jakin genuen aldundiak obra adjudikatu eta esleipendunak lurren erabilgarritasunagatik galdetzen deitu zuenean. Aldundiak geraleku sinple bat egitea proposatzen zuen. Hori jasota, batzar bat eskatu zen aldundian. EAJko ordezkariak, EH Bildukoak eta udal arkitektoa joan ginen, eta Jon Larrea Azpiegitura zuzendariagaz eta ingeniari bategaz batu ginen. Hori ezin zela egin esan genien. Ados geundela autobusak herri barrutik ateratzeko, 95 bizkaibus igarotzen dira-eta egunean herri barrutik, baina proiektu ganorazko bat eginda, autobus geltoki benetako bat, alde biak konektatuta dituena eta beharrezko zerbitzuekin. Herriarentzako geldituko litzateke herrigunea geltoki horregaz bat egitea, urbanizatzea. Geltokia ateratzeko premia badago, baina ez edozein baldintzatan.
Turismoari garrantzi handia eman diozue azken agintaldian.
Arlo hori gutxi jorratuta egon da Markina-Xemeinen, eta gauza asko egin dira. Ez daukagu kostarik, baina beste turismo mota bat daukagu. Erromesen aterpetxeak eragin handia izan du, esate baterako. Lotara geratzen dira, herrian zehar ere badabiltza, eta bisita gidatuen bidez, Uhagon, frontoia… eta webgune eta planoen laguntzagaz herria ezagutzera ematen diegu, erromesei zein beste bisitari guztiei. Bide beretik jarraitzeko asmoa daukagu, turismoari begirako gai gehiago lantzen.
Bertoko ekonomia sustatu eta merkataritza txikia laguntzen jarraitzeko asmoa daukazuela diozue. Zer egingo duzue horretarako?
Merkatarien gaia nahikoa gai konplexua da orokorrean. Egunetik egunera lantzen joan behar den gaia da. Eurak planteatzen dituzte ekimenak, eta udala laguntzaile izan behar da.
HITZAk biztanleko 3 euroko diru laguntza eskatzen die udalei, euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko. Zelan lagunduko duzue?
Laguntzen jarraitzeko uste argia daukagu. Momentu batean laguntza osatu behar bada ere, aukera badago. Gure aldetik ez dago dudarik, uste dut laguntzeko obligazioa daukagula.
Eskualdeko gainerako herrietan ze egitasmo nagusi dituzue?
Amankomunazgoak garrantzi handiko gai bi daramatza, zerbitzu sozialak eta hondakinak. Bietan aurrerapauso asko eman dira. Gelditzen da zer egin, baina nire ustez, aldundiari ere hausnarketarako puntu bat ere ezarri zaio. Bizkaiko eskualde txiki batek birziklapen tasa handiena edukitzea, eurak hasiera batean ados ez zeuden eredu bat jarraituta, zer pentsatu emango die. Eredu hau martxan jarri da, hobetzeko aukerak baditu, eta hobetzen joan beharko da. Gizarte zerbitzuetan gizarte laguntzak osatu dira, esate baterako, eta bide horretatik jarraituko da. Azpiegiturak eta eskualderako mugikortasun egokia lortzea dugu helburu. Markina-Xemein-Etxebarria arteko saihesbidea, Berriatuko saihesbidea eta Aulestitik Markina-Xemeinerako bidea batzar denetan azaltzen dira. Bidegorri sare bat ere osatu nahi da, eta energia berriztagarrien aldeko neurriak ere abian jartzen ari gara denok. Bide horretatik, 100.000 euroko aurrerapena lortu dugu, esate baterako, Markina-Xemeinen.