Berritasunekin dator Ziortza-Bolibarko zaldi ikuskizuna
Zaldiaren eta herritarren arteko dema da aurtengo berritasun nagusia. Horrez gain, Eneko Saralegi aizkolari nafarraren erakustaldiagaz gozatzeko aukera ere edukiko dute zapatuan bertaratzen direnek.

Zaldi ikuskizunak herriko eta inguruetako bizilagunak erakartzen ditu urtero Ziortza-Bolibarrera, eta aurten zenbait berritasun edukiko ditu. Zapatuan [maiatzak 25] jarri dute hitzordua eta lehenengoz, zaldien eta pertsonen arteko dema hartuko du plazako probalekuak.
Zehatz esateko, Maumeko Bayazarrari “ordagoa botako” diote Amalloko bost gaztek. Zaldiaren untza bakoitzeko, gazteek metro bat egin beharko dute. Ordu erdiko saioa izango da, eta gazteek Bolibarko 2.300 kg-ko idien harritzar handiagaz burutuko dute dema, eta zaldia, ostera, Munitibarko premio harriarekin ariko da (txapelketako baldintzekin).
Aurretik, baina, izango da zegaz gozatu. 18:00etatik aurrera, erakustaldia eskainiko du Eneko Saralegi aizkolari leitzarrak, Kanpape tabernaren kanpoaldean. Bost metroko altuerara igota, aitzurrarekin egurra mozten ariko da, eta beste bat enbor bat sku bakarragaz moztuko du. Aizkolari batek hitzordu honetan parte hartzen duen lehen aldia izango da.
Bestalde, motozerra ikuskizuna ere prestatu dute zapatu arratsalderako. Abel de Vicente soriarra izango da Ziortza-Bolibarren bere abilezia erakusten. Motozerra berezi bat eroango du eta hainbat erakustaldi egingo ditu.
Era berean, motozerragaz egurrezko eskulturak egiten ariko da 12:30etik aurrera, Kanpape tabernaren kanpoaldean. Espainiarra iaz ere udalerrian egon zen, eta figura dotoreak egin zituen. “Figural errealak balitza legez egiten ditu: zaldiak, astoak, poniak, basurdeak, ponyak, orkatzak… eskatzen diozun guztia egiten du. Euskal Herrian motozorrekin halakoak egiten aritzen direnekin ez dauka zer ikusirik”, azaldu dute antolatzaileek.