Gaur egungo futbolari buruzko mahai ingurua antolatu dute Mutrikun
Mutriku Futbol Taldearen 75. urteurrenaren baitan antolatu diren ekintzen artean futbolari buruzko mahai ingurua eta beteranoen partidua egingo dituzte asteburuan.
Txemi Galarraga kirol kazetari eta esatari mutrikuarrak gidatuta Gaur egungo futbola mahai ingurua egingo dute barikuan [maiatzak 24], 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Solasaldian futbolarekin harreman estua duten hainbat aurpegi ezagunek hartuko dute parte. Fran Garagarza Eibar taldeko kirol zuzendariak, Garbiñe Etxeberria Realeko emakume taldearen kirol zuzendariak, Leire Fernandez Mutriku FTko emakume taldeko entrenatzaileak eta Mikel Etxarri futbolari ohia, entrenatzailea eta euskal selekzioko hautatzaile ohiak gaiari buruz duten iritzia emango dute, beti ere, futbol munduan eduki duten esperientzia eta ibilbidea kontuan hartuta.
Ospakizunekin jarraitzeko, Mutriku Futbol Taldeko eta Realeko jokalari ohiez osatutako beterano taldeen futbol partidua ikusteko aukera egongo da zapatuan [maiatzak 25], San Migel futbol zelaian. “17:30ean hasita, bi taldeen norgehiagoka aparta ikusteko aukera egongo da”.