Gipuzkoako 50. Hiru txirlo txapelketaren azken jaurtialdia, asteburuan
Elgetan erabakiko da zapatuan, txapelketa. Sailkapenaren buruan, 41 txirlogaz berdinduta, Angel Ibarluzea San Migel taldekoa eta Ganix Rodriguez Asola Berri taldekoa daude.

Gipuzkoako 50. Hiru txirlo txapelketa emozioz bete helduko da datorren zapatuan [maiatzak 25], 17:00etan, Elgetan jokatuko den finalera. Sailkapenaren buruan, 41 txirlogaz berdinduta, Angel Ibarluzea San Migel taldekoa eta Ganix Rodriguez Asola Berri taldekoa daude, eta Elgetan jakingo da bietako zein den txapelduna. Hirugarren lekuan dago, berriz, Markina-Xemeingo Iker Arizmendiarrieta. Elgeta taldekoak 33 txirlo ditu momentuz.
Taldeka, bikoteka eta nagusien mailetan ere interesgarria izango da azken botaldia, berdinduta daude eta lehen sailkatuak. Txapelketaren antolatzaileek gogora ekarri dutenez, bariku gauean ere jaurtialdiak egongo dira, 22.30etik aurrera, eta parte hartzera animatu dituzte bolariak.
Parte hartze handia izaten ari da txapelketa. Garmendipen eta Lasturren egon diren azken bi jardunaldietan 66 eta 68 bolarik parte hartu dute. Bittor Astigarraga eibartarra nagusitu zen Lasturren jokatu zen 8. jaurtialdian 6 txirlogaz. Garmendipen, berriz, San Joxepe taldean ari den Mikel Urkia Zuloaga Markina-Xemeingo bizilagunak lortu zuen garaipena 9 txirlorekin. Bigarrena ere, txirlo kopuru beragaz, Markina-Xemeingoa izan zen: Patxi Olabarria. Olabarriak Lasturko taldean jokatzen du.