Herri kirolen bueltan agurtuko dute Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolaren Kirol Astea
Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako XIX. Kirol Asteari domekan [maiatzak 26] emango diote amaiera Itsasaurren egingo duten kirol jai nagusiagaz. 12:00etan hasita, nahi duen guztiak herri kirolez eta jolasez gozatzeko aukera edukiko du.
Bazkalordura arte Urpe taldearen eskutik txinga eroaten, txokor batzen, lasto altxatzen, enbor mozten, sokatiran… eta herri kirolen beste hainbat diziplina ezagutzeko aukera edukiko dute Itsasaurrera gerturatzen direnek. Herri kiroletan ez eze, beti-betiko beste hainbat jolasetan ere olgetan ibiltzeko aukera egongo da jolas txokoetan. Jardunaldia amaitzeko, mariskadaren zozketa egingo dute.
Beste hainbat ekintza ere badakartza Kirol Asteak. Maiatzaren 31n Bizikleta Eguna ospatuko dute. 15:00etan hasita, bizikleta ginkana egingo dute. Nahi duenak bizikleta hartu eta KamiƱazpiko parkean ipiniko duten zirkuitua osatzeko aukera edukiko du. Jarraian, Itsasaurrera joan-etorria egingo dute bizikleta martxan parte hartuko dutenek. “Bizikleta eguna, berez, maiatzaren 24an egin behar genuen, baina eguraldi iragarpena oso txarra denez, astebete atzeratzea erabaki dugu”.