Kamiñaldeko bidea bariku arratsaldean zabalduko dute
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak eguaztenean (maiatzak 22) egindako herri batzarrean jakitera eman zuen noiz zabalduko den bidea. Barikuan (maiatzak 24) 17:00etan zabalduko dute.

2016ko martxoan itxi eta gero, Ondarroako Kamiñaldeko bidea oinezkoentzako eta autoentzako zabalduko dute barikuan (maiatzak 24), 17:00etan. Zunbeltz Bedialauneta alkateak eguaztenean (maiatzak 22) egindako herri batzarrean jakitera eman zuen albistea. “Amesgaiztoaren amaiera” dela esan zuen Kofradia Zaharrean batu ziren 70 herritarren aurrean. Bidea oinezkoentzako eta ibilgailuentzako zabalduko bada ere, lanak amaitzeko astebete gehiago beharko dutela azaldu zuen.
2016ko martxoan itxi zen bidea, mendi magaletik harriak erortzen hasi zirelako. Egun batzuk geroago, martxoaren 8an, lur jausia gertatu zen. 179 familiaren bizitza baldintzatzeaz gain, ordutik hona, udalarentzat eta herriarentzat zama handia izan dela esan dute. Bidearen irekiera jakinarazteaz batera, oraindik airean dauden kezkak argitzen saiatu ziren udal ordezkariak. Hala, bizilagunek jarriko duten helegitearen bidez, UTE Kamiñalderi fatxadetako zikinkeria garbitzeko eskatuko diotela esan zuten.
Bestetik, aparkalekua ere ireki egingo da; Kamiñaldeko aparkalekuak 70 leku ditu.