Luis Egurrola: "Entzutea eta bestearen hanketan jartzea da garrantzitsua"
Politika beti jarraitu izan badu ere, orain, bere "herria hobetzeko" lehen lerrora jauzi egin du. Zerrendaburu izateko aukeratu zutenean ilusioa egin ziola dio. "Pozik eta gogotsu" dagoela gaineratu du.
Orain arte ez zara udalean egon. Zerk bultzatu zaitu alkategai aurkeztera?
Beti jarraitu izan dut politika. Baina pentsatu nuen kanpotik erraza dela hitz egitea. Nire bizitzako momentu aproposean nengoen, gai ikusten nintzen… «Zergatik ez?», pentsatu nuen. Niri beti gustatu izan zaizkit erronkak. Alkategai bezala aukeratu nindutenean ilusio handia egin zidan. Pozik eta gogotsu nago. Nire sustraiak Markina-Xemeinen daude, hemen bizi naiz, eta hemen jarraituko dut. Beraz, zergatik ez parte hartu eta herri hau hobetzeko nire ekarpena egin?
Ze ekarpen egingo diezu markina-xemeindarrei eta Markina-Xemeini?
Politika egiteko beste modu bat planteatzen dut. Hautagai izan nintzenetik, jendeagaz eta elkarteekin batzen hasi nintzen. Niretzako oso garrantzitsua da jendea entzutea, eta informazioa aztertu eta gero proposamenak kaleratzea. Galdetegi bat ere atera genuen, eta emaitza oso onak eduki ditugu; horrek ilusioa pizten du. Taldeagaz ere oso ilusionatuta nago. Zazpi kide berriak gara. Esperientziadun jendea ere badaukagu, taldea anitza da… Programa bat ere osatu dugu, eta hori defendatzeko gogotsu gaude.
Herriko ekintza kulturaletan beti egon zara presente. Horrek berdin jarraituko du?
Musikan ibilitakoa naiz, baita ere kirolean… Betidanik izan naiz kultura eta kirol zalea, eta bultzatu egiten ditut. Alkate izango banintz, bultzatzeaz gain, barrutik, kudeaketatik, horri guztiari bultzada emateko eta herriarentzako gauza batzuk sortzeko aukera edukiko nuke. Ni ez noa aldatzera; lehen egin ez dudan ezer ez dut egingo, eta lehen egin izan ditudanak egiten jarraituko dut, inolako interes barik. Jarraitzen dut Izarbideanen lehendakari izaten, Abarka antzerki taldean parte hartzen… Niretzako gauza ezberdinak eskaintzeko sinergiak lortzea oso garrantzitsua da.
Azpiegituretan Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbidea eta herrian bidegorri sarea sortzeko proiektua dira nagusi. Saihesbidea ze epetan gauzatuko da? Eta bidegorrien sarea?
Saihesbidearen proiektua martxan dago. Aldundian egon naiz, eta esan didate aurrera doala. Proiektua eratzeko hamalau hilabeteko epea dago, eta dagoeneko hilabete batzuk pasatu dira. Beraz, badator. Noiz? Agintaldi honetan, argi eta garbi. Udaletik egin ahal duguna da guri dagokiguna ahalik-eta azkarren egitea, gero aldundiari ere esateko guk gurea egin dugula eta beraiei euren zatia egitea tokatzen zaiela. Saihesbideak herriguneko zirkulazioa arinduko luke, eta, ondorioz, herrigunea ekintza ezberdinak egiteko edota sortuko diren aukera ezberdinetarako erabili ahalko litzateke. Bidegorrien kasuan, ez dago saihesbidea egiteko itxaron beharrik. Bidegorri sareak herria inguratu ahal du. Zati bat eginda dago. Saihesbidea egin bitartean bidegorrien sarean pausoak eman ahal dira. Proiektu bat ez dago bestearen menpe.
Autobus geltokia saihesbidera ateratzeko proposamena ere hor nonbait dabil. Zer diozu?
Saihesbidera ateratzea, ez bada daukagun aukera baino hobea, ez. Horrek ez du esan nahi gaur egun daukagun lekua ezin denik hobetu, noski hobetu ahal dela. Kanpora ateratzeak azpiegitura eta aurrekontu sendoa eskatzen ditu. Guk jarri genuen gaur egun dagoen lekuan, eta, momentuz, beste ezer hoberik ez dagoen bitartean, hor mantentzearen alde egingo nuke. Kostatu egiten zait eta zail ikusten dut gaur egun baino hobeto non kokatu ahal den pentsatzea. Ez diot ezinezkoa denik.
Herriko denden jarduna babesteko eragileekin lan sarea osatuko duzuela diozue. Ze onura ekarriko ditu lan sare horrek?
Merkatariekin ere batu gara, eta ikusi dut orain arte zer egin duten eta nola joan zaien. Kontsumo joerak aldatu egin dira. Baina herriek bizirik jarraitu behar dute, eta horren aldeko apustua egin behar da. Alkarregaz batu eta euren proposamenak entzun behar dira, ze proposamenak eduki badituzte. Teknologia sartu daiteke. Udalak lagundu eta baliabideak eman ahal ditu. Beste herri batzuetan kupoiak ere egin izan dira. Entzun, aztertu eta ondoren proposamenak elkarlanean aurrera eramatea da kontua. Entzutea eta bestearen hanketan jartzea da garrantzitsua.
Markina-Xemeingo EH Bilduk zuek ekitaldi politikoan esandakoak gezurtatzeko oharra zabaldu du.
Euren aldetik egon dira akusazio batzuk, eta ez dira horrela. Aldundiagaz edukitako bilera horietara ez zituzten gure zinegotziak gonbidatu. Zinegotziak gerora enteratu dira bilera horiek egin zituztela. Bestetik, 2016ko txostena diote. Txosten horrek jasotzen zuen herrian zer nolako zirkulazio zama dagoen, eta horrek ondorio batzuk eman zituen. Unai Rementeriak esan zuen ez duela kolaboraziorik eduki, beste barik. Ez zuen esan ni alkatea ez banaiz saihesbidea ez denik egingo. Rementeriak nahi duena da Markina-Xemeinek berari dagokion lana egitea proiektua aurrera ateratzeko. Esan dutenak ez dauka ez hanka ez bururik.
EH Bilduk dio oposizioan egon zaretenean lan egiteko zailtasunak izan dituzuela aditzera eman duzula. Halan da?
Hori ere mitinean esan nuela diote. Ba ez, ez nuen horrelakorik esan. Baina nik ez dut nahi horrelako eztabaidetan sartu. Nik nire programan, nire herrian nahi dut zentratu. Pertsonak ardatz hartuz, gure talde anitzagaz gure proiektua aurrera atera nahi dut.
Zortzi urte egon zarete oposizioan. Ze balorazio egiten duzu?
Batzorde guztietan egon dira gure zinegotziak, baina horietan ez dira erabakiak hartu. 2011n, esaterako, erabaki zuten Karmen Eguneko 80 urteko ohitura (udal agintariak elizaraino joatea) lurrera botatzea. Karmengo iturriari dagokionez, guk proposatu genuen erreferenduma egitea. Bagenekien kenduko zutela, baina ez noiz, kentzen ikusi arte. Inauterietako antzarra ere kendu zuten. Ez diot ez zenik kendu behar, baina erabaki horiek guztiak eurek hartu dituzte. Formak dira egokiak ikusten ez ditudanak. Hilerriko araudia ere aldatu zuten, musika eskolaren kokapena ere eurek erabaki dute. Ez diot han kokatu behar ez denik, baina erabakiak hartuta egon dira. Auzo taxi ekimenarena kanpotik enteratu ginen, udaletxe osteko parkeari Bizenta Mogel izena jartzeko erabakia ere guri ezer esan barik hartu zuten… Gauza bat esaten baduzu, eta gero erabaki batzuk zure kabuz hartzen badituzu, parte hartzea non geratzen da? Aldiz, ados egon garenean batera egin dugu aurrera.
Lea-Artibai eta Mutriku eskualdeko gainerako herrietan ze egitasmo nagusi dituzue? Ze alor lehenetsiko dituzue?
Eskualdeagaz harro gaude, eta pozik berton bizitzeaz. Eskualde askogaz alderatuta, gure egoera oso ona da arlo askotan, eta hobetu beharrekoa beste batzuetan, garraio publikoan eta bide sarean batez ere. Erakundeen arteko elkarlanetik abiatuta, eta ez konfrontaziotik, hobekuntza horietan pausoak ematea lortuko dugu. Eskualdean dugun potentzialean (industria, turismoa, euskara, bertoko produktuak eta merkataritza) oinarrituta, guztion elkarlanagaz aurrerapausoak eman behar ditugu. Agintean egon garen herrietan horrela egin dugu, eta eredu hori zabaldu nahi dugu.
HITZAk biztanleko 3 euroko diru laguntza eskatzen die udalei, euskararen normalizazioan pausoak ematen jarraitzeko. Zelan lagunduko duzue?
Lehenik eta behin udalaren errealitate ekonomikoa zein den jakin nahiko nuke. Zinegotziek diote hitzarmen bat dagoela HITZAgaz, eta hori berrikusi egin beharko litzateke, bi aldeentzako zerbait positiboa izateko. Euskararen aldeko apustua egiten dugu guk ere, eta badakigu zuek hori bermatzen duzuela eta irakurle asko dituzuela. Ni HITZAko harpideduna naiz hasieratik. Enpresa pribatua zarete, beraz, hitzarmenen bat egin edo akordio batera ailegatu beharko ginateke.