Mutrikuko X. Piker Memoriala pala txapelketaren finala zapatuan jokatuko dute
Pala txapelketa herrikoiaren finalak 10:00etan hasiko dira jokatzen, Miruaitz frontoian. Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek herriko eta inguruetako pilotazale guztiak finalak ikustera gonbidatu dituzte.
Ohi modura, hirugarren eta laugarren postua lortzeko lehiarekin hasiko dute goiza. Joxemiren eta Illarraren aurka neurtuko dituzte indarrak Xabik eta Eduk. Txapela irabazteko lehian, berriz, Manzisidor eta Urtzi nor baino nor indartsuago ariko dira Goixerriren eta Aitorren aurka. “Partidu biak oso estuak eta berdinduak izango direla aurreikusten dugu. Lehia eta jokoa ziurtatuta daude”.
Txapelketa, iaz, puntuazio sistema berriarekin jokatu zuten, eta eduki zuen arrakasta ikusita, aurten eta set-etara jokatu dute txapelketa osoa. Finalari emozio gehiago emateko asmoz, set luzeagoak jokatu dituzte bi finaletan. Bi set jokatuko dituzte 15 tantora, eta berdinketa emanez gero, hirugarren bat jokatuko dute 5 tantora.
Irabazleek txapela eta oroigarria jasoko dituzte, eta podiuma lortzen duten gainontzeko finalistek ere oroigarri bana jasoko dute. Laugarren sailkatuei, beste finalistei modura, gazta, ardoa eta kirol materiala oparituko diete.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten ere oso giro onean jokatu dute txapelketa. Herriko bederatzi bikotek parte hartu dute, eta finalak jokatu eta saria eman ondoren bazkaritan batzeko asmoa dute guztiek. “ZiƱua elkartean batuko gara”.