Eskualdeko 250 ikasle batu ditu Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Egunak
Talentatu izeneko proiektua jarri du martxan Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaiak Azaro Fundazioarekin elkarlanean; Egitasmoaren lehen urteari amaiera eman diote gaur Markina-Xemeinen.
Lea-Artibai eta Busturialdeako Kooperatiben Mahaiak Azaro Fundazioarekin elkarlanean, 2018-2019 ikasturtean hiru urteko iraupena izango duen Talentatu izeneko proiektua jarri du martxan eskualdeko ikastetxeekin. Steam (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria zelakoa den ikusi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz, ekintza ugari burutu dituzte Lea-Artibai eskualdeko gazteek ikasturte honetan zehar.
Horren guztiaren berri eman dute gaur [maiatzak 24] goizean, Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian ospatu den Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia Egunean, Ainhoa Arrizubieta Azaro Fundazioko zuzendariak, Ibon Ibarzabal Kooperatiben Mahaia Elkarteko ordezkariak, Ana Badiola eskualdeko ikastetxeetako ordezkariak eta Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapenerako zerbitzu buruak.
Azaldu dutenez, LH1eko ikasleetatik hasi eta Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino heldu da Talentatu proiektua. “Guztira, eskualdeko 15 ikastetxetako ia 2.000 ikaslek parte hartu dute egitasmoan”, zehaztu dute. Kooperatiba eta enpresetara bisitak egin dituzte ikasleek, enpresa eta kooperatibetako langileen bisitak izan dituzte ikastetxeetan, eta herri trukaketak ere egin dituzte ikasleek euren herrietan eskualdeko beste herrietako ikasleak hartu eta herrian duten ondarea eta ingurua erakusteko.
Proiektu horregaz eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi dela azaldu dute: “enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz”. Esan dutenez, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten perfileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da. “Talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzea”.
Emaitzagaz “pozik” agertu dira antolatzaileak bai eta ikastetxeak ere, eta datorren urterako ekimenagaz jarraitzeko asmoa erakutsi dute.
Talentatu egitasmoaren lehen urteari amaiera emateko, eskualdeko 250 ikasle inguru batu dira gaur Atxondo kiroldegian egin den Lea-Artibaiko Zientzia eta Teknologia egunean. 9:30etatik 15:30etara zientzia eta teknologia oinarri dituzten tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera eduki dute: robotika tailer ezberdinak, bideo-jokoen programazioa, eztabaidatzeko eta logika zientifikoa lantzeko tailerrak (Arkimedesen teorema, iturri magikoa…), gasak, elektrizitatea eta elektromagnetismoaren inguruko esperimentuak… Talde txikietan, azalpenak entzun eta zientziagaz eta teknologiarekin gozatzeko aukera eduki dute.