Lea-Artibaiko herri batzuetako ura kutsatu ahal dela salatu du EH Bilduk
Diotenez aldundiak pinuen gaixotasunaren aurka egiteko helikopteroz proba pilotu bat egingo du Ballestegi inguruan (Amoroto). Gune horretan inguruko herrietara bideratzen den ur hartunea dagoela diote. "10.000 biztanlek edaten duten ura kutsatzeko arriskua dago".
Koalizioak jakitera eman duenez, pinuen gaitzari aurre egiteko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak debekatu egin zuen kobre oxidoan oinarritutako produktu fitosanitarioen aire bidezko erabilera. “Soilik lurrean aplikatzea baimendu zen”. Diotenez, aldundiak lurreko erabilera arautzeko foru agindu bat argitaratu zuen, eta produktua erabiltzeko salbuespen gune batzuk ezarri zituen. “Horren arabera, produktua ezingo da erabili ondoko tokietik 100 metro baino gutxiagoko distantziara: herriguneak edo eraikinak, urtegiak, lakuak eta toki hezeak edo ur hartuneak (lur azpikoak edota azalekoak), ez eta akuiferoak kutsatzeko arrisku handia edo oso handia dagoen eremuetan ere”.
EH Bildukoek esan dutenez, baina, duela gutxi jakin dute aldundiak pinuen gaixotasunaren aurka helikopteroz proba pilotu bat egingo duela Ballestegi inguruan (Amoroto). “Ezer baino lehen, argi utzi nahi dugu banda marroiari aurre egiteko tratamenduaren aurka ez gaudela, gaixotasun horri irtenbidea aurkitzea beharrezkoa da eta”. Eremu horretan, baina, ur hartuneak daudela diote. “Ez ba, ez bi, ez hiru. Lau daude. Eta hartune horietatik, Lekeitiok, Mendexak, Amorotok, Aulestik eta Berriatuak hartzen dute edateko ura”. Ia 10.000 biztanlek edaten duten ura kutsatzeko arriskua dagoela diote.
“Hori da EAJren politika. EAJri botoa ematea pertsonari botoa ematea dela esaten dute, baina gero euren politikak argi erakusten dute lehentasuna ez garela pertsonak, gure osasuna alde batera usten baitute ateek bueltak ematen jarraitzeko”. Udalak “enpresa balira” kudeatzen dituztela diote, “etekinak lortzera begira, herritarron ongizatea alde batera utziz”.
Horren guztiaren aurrean, Lea-Artibaiko EH Bilduk aldundiak Ballestegi inguruan egin nahi duen proba pilotua salatu eta bertan behera geratzeko eskatu du, “gure osasuna jokoan dagoelako”. Datozen egunetan udaletatik proba pilotua gelditzeko eskatzeko izapide administratiboak abiaraziko dituztela gaineratu dute.