EH Bilduk 506 boto atera dizkio EAJri europako hauteskundeetan
Koalizioak 8.034 boto eskuratu ditu hamahiru udalerrietan, eta jeltzaleek 7.528. Europako hauteskundeen parte hartzeak gorakada nabarmena izan du 2014koekin alderatuta
![](https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/site/files/2019/05/hauteskunde-aulesti-herritarrak-botoa-ematen.jpg)
Beste batez, EAJk nagusitasuna lortu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Lea-Artibain eta Mutrikun, hala ere, ez da horrela izan. Koalizioak 8.034 boto eskuratu ditu 13 udalerrietan.
Orain Errepublikak izeneko koalizioan aurkeztu da europar hauteskundeetara, ERC eta BNG alderdiekin. Horrek bi eserleku eskuratzeko balio izan die, eta modu horretara, zerrendan bigarren joan den Pernando Barrenari beste batez Bruselan jarraitzeko aukera eman dio.
Jeltzaleek, bestalde, 7.528 boto eskuratu dituzte. Lortutako botoekin, jeltzaleen aldetik Izaskun Bilbao Barandika bermeotarrak beste bost urtetan europarlamentuan igaroko ditu.
2014. urteko datuekin alderatuta, goraka nabarmena eduki dute bai EAJren zein EH Bilduren botoek. 4.740 boto jaso zituzten jeltzaleek orain bost urte, eta 6.111 koaliziokoek.
PSE-EEk hiru europarlamentari izango ditu. Eider Gardizabalek bigarren agintaldia egingo du Bruselan, eta berarekin Iratxe Garcia eta Adriana Maldonado ariko dira. Idoia Villanuevak Podemos ordezkatuko du.
Parte hartzeak, gora. Udal eta foru hauteskundeekin batera izanik, Europako hauteskundeen parte hartzeak gorakada nabarmena izan du 2014koekin alderatuta. Orduan, %53,54koa izan zen Lea-Artibain eta Mutrikun. Joan den domekan, ostera, %74,7ko parte hartzea egon zen.
Etxebarrikoak izan dira Lea-Artibai eta Mutrikuko herrietatik bozkatzera joan diren gehiengoak, %87 batekin. Gutxienak berriz, Berriatua eta Ondarroako biztanleei dagozkie; %69koa eta %67koa, hurrenez hurren.