Izaskun Bilbao: "Herritarrak politika egiteko beste modu batekin ados agertu dira"
Europan lortutako botoekin, Bilbao Barandika jeltzale bermeotarrak beste bost urte europarlamentuan pasako ditu.
Beste bost urtez, berriro Europara. Zein izango da zure helburua datozen bost urteotan?
Helburu nagusi bat dugu. Orain arte egin modura, Euskadiko gizarteagaz lan egiten jarraitu nahi dugu, hemengo arazo eta proposamenak ere Europako legeetan sartzeko. Hasieratik parte hartu behar dugu, legealdi bitan hori izan da egin dugun lana, pertsonekin, elkarteekin, enpresekin eta hainbat eta hainbat agenteekin batera. Bestetik, Euskadiren interesak Europan aurkeztu nahi ditugu, baita gure instituzioak ere. Esaterako, hainbat ekimen egin ditugu kontzertu ekonomikoaren eta nafarroako hitzarmenaren inguruan. Azken batean, Euskadiko ahotsa nabaritzea gura dugu.
Aurreko legealdiko esperientziaren zelako balorazioa egiten duzu?
Legebiltzarreko lana oso bizia dela esan beharra daukat, hainbat gai jorratzen ditugu bertan. Baina egia da lortutako gauzak asko izan direla, eta batez ere koordinazio instituzionalen bitartez hainbat ekimen aztertzea eta Euskadiko eredua errefente bihurtzea lortu ditugula nabarmendu beharra dago. Gaur egun batzordeak hainbat gaietan hartzen gaitu eredu bezala Europa mailan, eta lan hori urte guzti hauetan egin dugu. Gizarte bezala, gure ereduak Europako instituzioetan interesa hartzen duela ikusi dugu. Hamar urte daramatzat bertan, eta ETAren biolentzia garaia bukatzea inflexio puntua izan zela esan beharra daukat. Ordura arte ez digute begi zabalekin begiratu, lehenagotik aitzindariak izan diren hainbat ekimen egin ditugun arren. Beraz, uste dut aukera izugarriak ditugula aurrean, Euskadiko gizon eta emakumeek egindako lana orain ikusten da benetan zein izan den. Niretzat benetan harro egoteko moduko ordezkaritza da han Euskadiren izenean egotea. Benetan zorte handiena daukat, eta nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot gizarte guztiari.