Goixerrik eta Aitor Santiagok irabazi dute Mutrikuko X. Piker Memoriala pala txapelketa
Jose Mari Manzisidor eta Urtzi Manterola txapela lortzeko aukerarik gabe geratu ziren zapatuan [maiatzak 25] Miruaitz frontoian jokatu zen finalean. Hirugarren postua eskuratzeko lehia Joxemi Gutierrezek eta Xabier Illarramendik irabazi zuten.
Mutrikuko Danok Bat pelotazale elkarteak antolatutako X. Piker pala txapelketa herrikoiko txapela Jon Mendizabal Goixerri-k eta Aitor Santigok jantzi dute. 2-0 (15-11 eta 15-10) irabazi zieten Jose Mari Manzisidorri eta Urtzi Manterolari.
Goixerrik eta Santiagok sekulako partidua jokatu zuten. Maila oso ona erakutsi zuten Miruaitzen, eta aurkariek irabazteko ahalegina egin bazuten ere ezin izan zituzten mendean hartu. “Goixerrik eta Santiagok oso ondo jokatu dute, gu baino gehiago izan dira kantxan. Tanto asko arriskatu ditugu, baina ez dugu asmatu. Hori bai, eduki ditugun aukera guztiak azken tantora arte aprobetxatzen saiatu gara”, agertu zuen Jose Mari Manzisidor txapeldunordeak.
Finalaz gain, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida ere jokatu zuten zapatuan. Joxemi Gutierrezek eta Xabier Illarramendik nahikoa erraz irabazi zieten Xabi Eizagirreri eta Edu Lizardiri. 2-0 (15-10 eta 15-7) irabazi zuten. Gutierrezek eta Illarramendik hasieratik abantailarekin hasi zituzten setak, eta bukaeraraino abantaila horri ondo eustea lortu zuten.
Finalak jokatu eta saria banatu ondoren, finalistak, antolatzaileak eta txapelketan parte hartu duten palistak ZiƱua elkartean batu ziren bazkaritan. “Inoizkorik jende gehien batu ginen bazkaritan. 20 lagun batu ginen, giro oso onean “.
Antolatzaileek, baina, ez dute atsedenik hartzen. Eta Binakako pala txapelketa herrikoia amaituta, Mutrikuko III. Banakako pala txapelketa herrikoia laster hasiko dela iragarri dute. Izen ematea zabalik dago frontoian, eta interesa dutenek domekara [ekainak 2] arte edukiko du horretarako aukera. “Txapelketaren xehetasunen berri emateko komenigarria da izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbaki bat lagatzea”.