Jendetsua izan da Ondarroako Txirrimorraskiren 30. urteurren ospakizun jaia
Txirrimorraski Ondarroako Denbora Libre Taldearen 30. urteurrena ospatzeko jaia goi-goitik ospatu zuten zapatuan [maiatzak 25]. Antolatutako ekintzetan giro polita egon zela aitortu dute aisialdi taldeko arduradunek.
Aisialdi taldearen urtemuga ospatzeko jai erraldoiak hainbat herritar batu zituen zapatuan. Jaiari buruzko balorazio oso ona egin dute antolatzaileek, eta egin ziren ekintzetan giro polita egon zela aitortu dute.
Eguerdian, esate baterako, jende asko batu zen Zaldupen egin ziren jolasetan. “Eguraldi txarra zegoenez iragarrita, goizean egin behar genituen ekintzak lekuz aldatzea erabaki genuen. Ur jolasak izan ezik, Arrigorriko eta Itsasaurreko ekintzak Zaldupen egin genituen. Gaztetxoekin batera guraso asko etorri ziren”.
Herri bazkaria ere oso jendetsua izan zen. 270 bat lagun batu ziren Zaldupe ikastetxearen jolastokiko aterpean egin zuten bazkarian. “Belaunaldi arteko une polita bizitzeko aukera eduki genuen. Gaur egungo eta sasoi bateko gaztetxoak, begiraleak eta gurasoak batu ginen, eta, tartean, Txirrimorraskiren sortzaileak eta lehen begiraleak ere bai”.
Bazkariko tartea oso hunkigarria izan zela nabarmendu dute. “Bazkaldu aurretik Zorionak zuri abestu genuen, eta bapo jan ondoren, bertaratu ziren sortzaileek Txirrimorraski zelan sortu zen azaldu ziguten”. Jai giroagaz jarraitzeko mikrofonoak hartu, eta karaoke erraldoian hainbat kantu abestu zituzten. Txirrimorraskiren kantu sortu berria eta hasiera-hasierako kantua ere abestu zituzten denen artean. “Txirrimorraski osatzen dugun guztiontzako momentu polita izan zen”. Izan ere, bazkaritan batu zirenak sentimendu berak batu zituen: Txirrimorraskirenganako maitasunak.
Karaokearen ostean, zumba saioan gerriak astintzen ibili ziren, eta amaitzeko, argazki erraldoia atera zuten bazkaritan batutakoek. Trikitilariek girotuta kalejira egin zuten Musika Plazara arte, eta hantxe, gaueko ordu txikietan amaitu zituzten ospakizunak. “Gaztetxoek oso ondo pasa zuten Ezten giro! taldeagaz batera erromerian. Agertoki gainera ere igo ziren kanturen bat edo beste abestera”.
Urteurren ospakizun guztiak amaituta, antolatu dituzten ekintzetan parte hartu dutenei eskerrak eman nahi dizkiete Txirrimorraskikoek. “Gaur egungo begiraleez gaiz, aurretik egon direnek ere parte hartu dute antolakuntzan. Eta, zelan ez, taldea sortu zeneko begiraleen laguntza ere eduki dugu. Jaia denon laguntzari esker posible izan da”.
Ospakizunetan parte hartu dutenei, berriz, jai erraldoian ateratako argazkiak bidaltzeko eskatu diete. “Etorkizunera begira argazki horiek guztiak gordeta eduki nahiko genituzte. Zenbat eta gehiago, hobe. Nahi izanez gero, txirrimorraski25@gmail.com posta elektronikora bidal ditzakezue argazkiak”.
(Argazkiak: Txirrimorraski)