Ondarroako portuan beste gasoil isurketa bat egon dela salatu du Eguzkik
Astelehen [maiatzak 27] goizean Ondarroako portuan izandako gasoil isurketa argitzeko eskatu du Eguzki talde ekologistak. Isuriaren iturburua zein izan litekeen ikertu, eta neurriak hartzeko eskatu diete erakundeei.
Talde ekologistako kideek adierazi dutenez, astelehen [maiatzak 27] goizean gasoil orban oso zabala ikus zitekeen portuko uretan. “Hiruzpalau tokitan orban handiak ikusten ziren”. Jakin izan dutenaren arabera, isurketa 08:00ak aurretik izan zen. “Portuko arduradunek orbana garbitzeko agindu zuten, eta garbitzeko neurriak hartu baziren ere, beste isurketa batzuk saihesteko neurririk ez dela hartzen iruditzen zaigu”.
Isurketaren berri eduki orduko Eguzkikoek Ondarroako Udaltzaingoari deitu zioten, dagokion protokoloa abian ipintzeko eskatuz. Salaketa, gainera, Itsas Kapitaintzara ere bideratu dute.
Azpimarratu dutenez, portuko uretan gasoil isuriak sarri gertatzen dira, “inor zigortu barik”. Portuko arduradunei eta erantzukizuna duten erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, berriro horrelakorik gerta ez dadin. Egoera onartezina dela salatu dute: “antzeko egoerak behin eta berriz salatzen nazkatuta gaude. Dagokienek ez dituzte ardurak betetzen, eta errudunak zeintzuk diren argitu barik jarraitzen dute”.