Lea-Artibaiko Amankomunazgoak bere gain hartuko du 65 urtetik gorakoen Eguneko Arreta Zerbitzua
Astelehenetik barikura eskainiko da zerbitzua, egunean bost orduz. 09:00etatik 14:00etara Ondarroan eta Lekeition eta 10:00etatik 15:00etara Markina-Xemeinen.
65 urtetik gora dituzten eta mendetasun-arriskua edo I. graduko mendetasuna duten pertsonei zuzendutako Eguneko Arreta Zerbitzua eskaintzen hasiko da Lea-Artibaiko Amankomunazgoa Lekeitioko, Ondarroako eta Markina-Xemeingo Eguneko Arreta Zentroetan. Gaur [maiatzak 29] goizean sinatu dute hitzarmena Rakel Elu Bengoetxea lehendakariak eta hiru zentroetako zuzendariek: Fernando Ibarrak, Eneritz Elgezuak eta Idoia Biterik.
Amankomunazgoko lehendakariak jakitera eman duenez, hiru zentroekin baldintza berdinak adostu dituzte, eta beraz, Amankomunazgoko udalerrietako herritar guztiek – Etxebarria, Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Ispaster eta Lekeitio– baldintza berdinetan jasoko dute zerbitzua. “Astelehenetik barikura eskainiko da zerbitzua, egunean bost orduz. 09:00etatik 14:00etara Ondarroan eta Lekeition eta 10:00etatik 15:00etara Markina-Xemeinen”.
Bestalde, zerbitzuaren ordainketa onuradun bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren araberakoa izango dela zehaztu dute. Horrela, baremazioaren arabera gutxieneko eta gehieneko bat jarriko dute. “Ahalmen gutxi duenak gutxi ordainduko du eta ahalmen gehiago duenak gehitxoago. Baina beti ere izango da kuota bat prezio egokian egongo dena edozeinentzat”.
Azaldu dutenez, zerbitzuaren helburuak mendetasun egoeran aurkitu daitezkeen pertsonek sarritan izaten duten gizarte-bazterketa egoera ekiditea, ahal denik eta autonomia gehien mantentzen laguntzea, eta ohiko bizi ingurunean jarraitzen laguntzea da. “Zerbitzu honek mendetasun gradu txikia duten pertsonei daukaten autonomia denbora luzeagoan mantentzen asko lagundu ahal diela ikusten dugu. Eguneko Arreta Zentroetan egiten diren lanketa kognitiboek zein motorrak eta beste erabiltzaileekin harremanak mantentzeak asko laguntzen du”.
Behar duenarentzat garraioa ere egongo dela gaineratu du Eluk. Horrela, erabiltzaileek joan eta etorrirako garraioa edukiko dute aukeran, hiru zentroetan. “Uste dugu zerbitzu hau gure eskualderako onuragarria dela. Azken finean, gure eskualdea oso nagusituta dagoen eskualde bat da, eta pentsatzen dugu nagusitze hori aktiboa izan behar dela, eta aktibotasun horretan eragiteko jartzen ditugu gure baliabideak”.
Eguneko Arreta Zentroetan, besteak beste, hurrengo zerbitzuak edukiko dituzte erabiltzaileek: informazioa, jarraipenaren balorazioa, lagun egite soziala, estimulazioa edo errehabilitazioa lantzeko esku-hartzea, trebetasunen garapena, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko gaitasunak estimulatzeko jarduerak, ariketa errazak eta aisialdi, hezkuntza eta kultura jarduerak. Horrez gain, bazkaria eta gosaria eta behar izanez gero, higiene pertsonalean ere lagunduko diete.
Gaurtik martxan. Zerbitzua jaso nahi dutenek gizarte zerbitzuetara jo dezakete eskaera egitera gaurtik aurrera, eta baldintzak betez gero bizpahiru hilabeteko epean zerbitzua jasotzen hasiko litzatekeela azaldu dute. Zerbitzua zelakoa den ezagutu ahal izateko gainera, probatzeko aukera ere edukiko dute erabiltzaileek. Proba dohainekoa izango da, eta bost egunetara luzatuko da.
Bestalde, Amankomunazgoak eskaintzen duen etxez etxeko zerbitzua hartzen dutenek, eguneko arreta ere eskatzen badute, hobari bat ezarriko zaiela argitu du Eluk. Eguneko zentroko prezioan %25eko kenketa egingo zaio zerbitzu biak hartzearren: “Uste dugulako etxez etxeko zerbitzua eta eguneko zentroko arreta guztiz osagarriak direla eta horregaz, gradu bateko pertsonak izanda ere, etxean eta euren ingurunean geratzeko aukera luzatu egiten dela”.
Eskualdean pertsona nagusi asko eta gainera bakarrik daudenak ere asko direla gogora ekarri dute. Beste jende bategaz egon eta bakardade hori pixka bat arintzen laguntzea ere bada asmoa bide batez. “Isolamendua ekiditen da”.