270 pertsonatik gora arduratuko dira Bizkaiko hondartzen segurtasunaz eta garbiketaz
Zapatuan [ekainak1] hasiko da Bizkaiko hondartzen denboraldia. Bizkaiko Foru Aldundiak gaur [maiatzak 30] egin du aurkezpena, Gorlizko hondartzan. Berritasun modura, aurten, uraren kalitatea bainua hartzeko aproposa ez bada, beste bandera batekin adieraziko da, ez bandera gorriagaz.
Beste behin ere, Bizkaian ekainaren 1etik irailaren 30era egongo da zabalik hondartza denboraldia. Denbora tarte horretan, 270 pertsona baino gehiago ariko dira Bizkaiko hondartzetan lanean; sorospen eta laguntza zerbitzuan 154 sorosle eta beste 19 langile ariko dira, hondartzainak 30 izango dira eta garbiketa lanen arduradunak 89.
Egunez egun, sei koordinatzaile eta 88 sorosle ariko direla lanean zehaztu dute; sorosleak 24 sorospen postutan banatuta egongo dira. Hala, Ogellan (Ispaster) bi sorosle egongo dira, 3 Isuntzan, 5 Karraspion eta 2 Arrigorrin (beste pertsona bat erreten gisa egongo da).
Horrez guztiaz gain, sorosleek wave board bat edukiko dutela gaineratu dute. “Horri esker, uretako motor bati plataforma bat gehitu ahalko diote. Ondorioz, hori gehituta, uretako motorra edukiera handiagoa duen 5 metro luzeko ontzia bihurtuko da”.
Hondartzainak 10:00etatik 20:00etara egongo dira. “Ume Galduak eskumuturreko zerbitzuak ere egongo da, zortzi urtetik beherako umeak identifikatuta egoteko”.
Banderak. Itsaso zakarra edota korronteak daudenean, bi bandera gorri ipiniko dituzte ur ertzean, bainua hartzeko eremua zehazteko. “Kasu horietan, baina, hondoa ukitzen den eremutik ezingo da urrundu”.
Aurten, baina, berritasun modura, uraren kalitatea bainua hartzeko aproposa ez denean ez da bandera gorririk ipiniko. Horren ordez, araudiak kasu horietarako ezartzen duen ikurra daraman bandera ipiniko da. “Orain arte ikur hori karteletan eta hondartzen webgunean erabili izan da”.
Irisgarritasuna eta lagundutako bainua. Hondartza Denontzat programa uztailean eta abuztuan jarriko dutela indarrean esan dute. Eta ondoko herri edo hondartzetan egongo da, 11:15etik 18:45era: Ereaga (Algorta), Plentzia, Gorliz, Laidatxu (Bermeo), Lekeitio eta Ondarroa.
Erreskaterako materiala/ibilgailuak. Esan dutenez, sorospen zerbitzuko beharginek erreskaterako erabiliko duten materiala hondartzen ezaugarrien araberakoa izango da. Oro har, baina, ondoko materiala edukiko dute eskura: lau salbamendu ontzi, ordezko zortzi ontzi Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan, lau uretako motor eta ordezko beste bost biltegietan, 3 quad eta erreskaterako 9 buggy (bi elektrikoak), hiru ibilgailu, 7 ibilgailu elektriko, hibrido eta gas-turismoz osatutako flota ekologikoa (inguruko koordinatzaileentzat), 14 zaintza dorre, 40 desfibrilagailu erdiautomatiko, 30 glukometro, 40 pultsioximetro, 40 immobilizazio esku ohe eta bihotz biriketako bizkortzerako 30 neurgailu.
Aurrekontua. Aldundiak 5,7 milioi euro bideratuko diru hondartza denboraldira. “2,3 milioi euro segurtasunagaz lotutako zereginetara bideratuko dira, eta 2,4 milioi hondartzak garbitzeko lanetara”.