Herriarteko eskupilota txapelketak jokatuko dira Markina-Xemeinen
Usansolo izango dute aurkari nagusiek. Ortuella eta Iurreta alde batetik, eta Markina-Xemein eta Zornotza bestetik, neurtuko dira txikien herriartekoan.
Final laurdenetan daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko nagusiak, eta Usansolo izango dute aurkari zapatuan [ekainak 1] 18:30etik aurrera jokatuko dituzten kadete, gazte eta nagusien mailetako partidetan. Txikien herriarteko lau partidu jokatuko dira aurretik, 16:30ean hasita.
Lehen kanporaketa igarota, Markina-Xemeingoak aurrera egin dute herriarteko nagusien txapelketan. Sestao izan zuten aurkari aurreko asteetan jokatutako norgehiagoketan, eta bietan garaile atera ziren Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotariak. Kadete eta nagusien mailetan nagusitu ziren.
Etxean jokatuko dute lehenengo Usansoloren kontra, eta datorren astean bertara joango direla jakitera eman du Peio Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Azken zortzi urteetan ailegatu da Markina-Xemeingo taldea herriarteko finaletara, eta berriz ere bertan egotea zaila dela dio Urionabarrenetxeak. «Talde onak daude; Usansolo berari ere irabaztea ez da erraza izango Lezamari buelta emanda datoz eta». Hala ere, jokatu egin behar dela azpimarratu du entrenatzaileak, eta Markina-Xemeingo pilotariak ahalegin guztiak jarriko dituzte horretan.
Txikien finalaurrekoak. Lau talde onenak ari dira jokatzen txikien herriartekoa. Aurten Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea da antolatzailea, eta beraz, nagusien herriartekoaren aurretik txikien lau partida ikusteko aukera edukiko dute pilota zaleek.
Ortuella eta Iurreta neurtuko dira hasteko, alebin eta txikien mailetan, eta Markina-Xemein eta Zornotza aterako dira kantxara ondoren. Zuzeneko finalaurrekoak jokatuko dituzte pilotariek. Horrela, irabazleek ekainaren 15eko finalerako pasea lortuko dute.