Jagoba Arrasate: "Itzelezko afizioa daukagu; eurak barik ez genuen lortuko"
Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan lortu du Osasunak lehen mailarako txartela. Jagoba Arrasatek Sadarren lortutako garaipenak eta bizitako uneak azpimarratu ditu.
Berriatuko, Elgoibar, Real Sociedad, Numancia eta Osasuna. 2007-2008 denboralditik futboleko entrenatzailea da Jagoba Arrasate Elustondo (Berriatua, 1978). Sorterria zein berriatuarrak oso presente ditu Iruñean, eta azkenaldian bizitako momentu berezien zein hastapenetakoen errepasoa egin du.
Osasuna lehen mailara berriro, eta zeu ere bai. Laino artetik jaitsi eta barneratu duzue?
Aurreko astea berezia izan zen, ospakizun pila bategaz, eta ez ginen oso kontziente zer egin genuen. Baina egia da, poz handiadaukagu helburua bete dugulako eta batez ere herri edo hiri bat horrela ikustea oso polita delako.
Denboraldia ezin hobeto amaituko duzue, bikain. Zelakoa izan zen igoera lortu zenutela jakin zenuten unea?
Urte hasiera ez zen ona izan, baina gero, gauzak hobeto egin ditugu. Gutxika-gutxika goruntz joan gara, eta lehen postuan hainbeste denbora egon gara. Egia da astelehenean pixka bat arraroa izan zela; beste emaitza baten menpe egon behar izan genuen igotzeko. Berezia izan zen igotzeko era. Behin lortuta, ondorengo ospakizunak itzelak izan dira.
Zuk diozun moduan, berria jakinda, harrera beroa egin zizueten Iruñean. Esate baterako, udaletxeko plaza txiki geratu zen San Ferminetan modura eta baita Gaztelu Plaza ere. Zelan bizi izan zenuen?
Itzela izan da. Astelehen gauean Gaztelu plazan bertan, eta gero martitzenean, batez ere, udaletxekoa. Balkoitik ikustea hainbeste jende, ume, Osasuna zale hain pozik… Uste dut hori denoi bihotzera heldu zaigula, eta momenturik politena hori izan zela esango nuke; udaletxera irten eta azpian hainbeste jende ikusi genuenean.
Bertsotan ere ausartu zinen, eta guztien jarrera azpimarratu zenuen.
Halakoetan gorputzak zer eskatzen duen laga egin behar zaio. Bertsoa irten zitzaidan, batez ere eskertzeko. Egia da itzelezko afizioa daukagula, eta eurak barik hau ez genuen lortuko. Nahi genuen pixka bat momentu hori eurekin bizi eta eskertu, ze honen parte garrantzitsua dira eurak ere bai.
Gainera kanpoko jokalari batzuk ere euskaraz berba batzuk esaten ausartu ziren. Taxoarren euskara irakasten ere ibili al zara?
Azken batean klubak aurrerapauso bat eman du euskara aldetik, bai sare sozialetan eta nahi duten denei eskolak ematen dizkiete, eta jokalari batzuk badabiltza horretan. Uste dute euskara asko bultzatu dela klubaren aldetik, eta kapitaina eta entrenatzailea euskalduna izateak laguntzen du. Uste dut polita dela Iruñean berriro ere euskara entzutea. Orain dela urte batzuk hori sinestezina zen.
Horregaz lotuta, datorren denboraldian bost euskal talde lehen mailan eta bost entrenatzaile euskal hiztun. Hori ere bada albistea.
Albiste pozgarria da. Ez da inoiz pasatu bost talde euskaldunetan bost euskal hiztun egotea. Marka itzela dela uste dut. Gainera, bostok elkar ezagutzen dugu, lagunak gara. Uste dut oso polita izango dela. Hasi bostok egingo gara, eta ea bostok amaitzen dugun. Seinale ona litzateke denok amaitzea; bakoitzak bere helburuak bete dituenaren seinale.
Bigarren buelta oso ona egin duzue. Hori izan da igoeran giltzarria?
Azken batean prozesu bat izan da. Entrenatzaile berri bat, jokatzeko era berri bat, eta hasieran kostatu egin zitzaigun. Baina ideia horretan sinistu dugu. Gutxika-gutxika taldeak bilakaera bat eduki du, eboluzionatzen joan da. Jokalari onak fitxatu genituen, baina azken batean talde on bat izatea lortu dugu, eta talde ona izan garenean hor egin dugu goruntz sailkapenean.
Zuon gotorlekuan menderaezinak izan zarete. Etxean partidu asko galdu barik egon zarete.
Guretzat Sadar gure gotorlekua izan da. Ez dugu ia partidurik galdu, eta bi berdinketa bakarrik. Orain hamasei partidu jarraian goaz irabazita, eta beste giltza hori izan da: Sadarren bizi izan dugun giroa. Jokalariak afizioagaz batera egoteak garaitesinak ginela sentiarazi digu. Gainera, aurten, partiduro-partiduro pila bat jende etorri da Berriatutik, eta aurreko astebururako itzelezko eskaerak eduki ditut. Iruñera etorri, bazkaldu, partidua ikusi eta, gainera, etxeko partidu ia denak irabazten ikustea lagunentzako plan perfektua izan da. Jende asko etorri da, eta pila bat eskertzen dut hori. Lagunek eta ez hain lagunek eta Berriatuko edozein pertsonak deitzea eta esatea «horra nahi dut joan» eta jarraitzen zaituztela sentitzea oso pozgarria da.
Oraindik bi partidu geratzen zaizkizue liga amaitzeko. Zein da helburua? Zelan aurreikusten dituzu?
Helburu potoloa beteta dagoela esan ahal dugu, baina denoi egiten digu ilusioa lehenengo gelditzea. Osasuna inoiz ez da lehen gelditu; txapeldun gelditu eta aukera daukagu txapeldunak izateko, eta partidu hauetan borrokatu egingo dugu lehenengo postu horri eusteko. Azken hiru partiduetatik bi jokoan ezer ez dutenen kontra dira. Baina, azken batean, gehiago da guk ze maila ematen dugun. Maila ona ematen badugu, uste dugu partiduak aurrera atera ahal ditugula; partiduetan aukerak eduki. Hori da nahi duguna; gure mailarik onena eman eta ea txapeldun izateko puntu horiek ateratzen ditugun. Azken partidua etxean da, eta bertan lehen postua ziurtatu nahi dugu, eta hori horrela bada, seguru hor jai handia egongo dela.
Datorren denboraldiari begira zelan ikusten duzu kluba lehen mailan mantentzeko?
Uste dut azkenengo igoeratik alderatuta taldea ekonomikoki askoz hobeto dagoela; estabilitate puntu hori dauka, eta sozialki aukerak daudela uste dut. Talde aldetik, jokalari batzuk aldatu beharko dira, berri batzuk etorriko dira, eta hor ea asmatzen dugun. Baina esentzia aldatu barik. Talde bat izan gara aurten, eta horregatik lortu ditugu helburuak. Jakinda gaitzagoa izango dela, talde izaera horri heldu behar diogu datorren denboraldian, eta helburua argia izango da: lehen mailan mantentzea. Momentu honetan ez daukagu beste helbururik.
Eta zuk maila pertsonalean zelan aurreikusten duzu hurrengo denboraldia?
Niretzat ere erronka bat da. Azken batean, lau urtez bigarren mailan egonda gero –hiru Sorian eta bat Iruñean–, erronka bat da ostera ere lehenengo mailara bueltatzea, jakinda zelako gaitza den burua hor sartzea. Eta Osasunako entrenatzailea izanda oso harro nago baita ere Osasunagaz lehenengo mailan lehiatzeko aukera edukiko dudalako. Zentzu horretan ahaleginduko naiz neure onena ateratzen taldeari laguntzeko eta helburuak lortzeko.
Atzera begiratuta, etxean hasi zinen, etxeko taldean jokalari eta entrenatzaile izan zinen. Zelan gogoratzen dituzu hastapenak?
Inoiz ahaztuko ez ditudan momentuak dira. Entrenatzaile titulua atera eta gero, Berriatuan taldea sortu genuen, eta oso momentu bereziak izan ziren. Azken batean, ez zen talde normal bat, lagun talde bat zen, eta gauza politak lortu genituen, ahaztuko ez ditudan gauzak. Titulua aterata oraindik ere jokatzeko gogoa neukan, eta oso gustura aritu nintzen. Berriatua oso presente daukat bizitzan, herria bera, baina baita Berriatuko Futbol Taldea ere.
Eta ordutik, zelan, zertan eta zenbat aldatu da Jagoba Arrasate?
Pertsona modura berdina izaten jarraitzen dudala uste dut, horretan ahalegintzen naiz, behintzat. Eta entrenatzaile moduan, normala den moduan, asko aldatu naiz. Azken batean, futbol profesionalean hainbeste urte daramatzazunean, esperientzia bakoitzak balio dizu. Hau ikasketa prozesu baten moduan da. Beti joan behar zara hobetzen, birziklatzen, eta uste dut orduan baino entrenatzaile osoagoa naizela, baina jakinda oraindik ere hobea izan naitekeela, eta hobetzera irekita nago.