Mutrikuko Udalak Malen Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abiarazi du
Kartela aukeratzeko lehiaketa deialdia egiteaz batera, Malen Txiki eguneko programako orrialdean agertuko den kartel lehiaketa ere martxan dagoela gogorarazi dute. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 17a da.
Alde batetik Malen Jaiak iragartzeko kartel lehiaketa abian dagoela jakitera eman du Mutrikuko Udalak. Bestetik, Malen Txiki eguneko programako orrialdean agertuko den kartelaren lehiaketa ere martxan dagoela esan du. Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 17a da. “Udaletxeko harreran aurkeztu behar dira, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara”.
Jaiak iragartzeko kartel nagusiaren lehiaketan edozeinek parte hartu ahal duela gogorarazi dute, banaka edo taldeka. Hori bai, egile bakoitzeko lan bakarra onartuko dela esan dute. Haurren eguneko kartel lehiaketara, aldiz, 16 urtetik beherako herritarrak aurkeztu ahal dira.
Baldintzak. Kartelak jaiekin eta Mutrikuko herriarekin zerikusia izan behar duela esan dute. “Beste herriren baten saritutako lanik ez da onartuko”. Teknika eta koloreak libreak izango dira, eta lanak DIN A3ko euskarri gogorrean aurkeztu beharko dira. “Kartela digitalean ere aurkeztu beharko da, JPEG formatuan eta gutxienez 300 ppp-tako kalitatean.
Aurkezteko modua. Lanak egilearen sinadura gabe aurkeztu beharko dira, eta gutunazal itxi batean egilearen identifikazio datuak sartu beharko dira (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia). “Jasotzerakoan lanari eta gutunazalari zenbaki bat ipiniko diote”.
Lelo edo ikur politikoak, homofoboak edo sexistak dituzten kartelak ez direla onartuko esan dute.
Kartel lehiaketa nagusiko lanak ondoko testua eduki behar du:
MALEN JAIAK 2019
Uztailaren 21etik – 25era
Umeen eguneko orrirako kartelek, ostera, ondokoa:
MALEN JAIAK 2019
Uztailak 23-Umeen Eguna.
Sariak. Epaimahaia Arte Eskolako kideek osatuko dute, eta bi sari banatuko dituzte: kartel nagusiari 300 euro emango dizkiote, eta haurren egunekoari 100 euro.