Traineru estropadak jokatuko dituzte asteburuan Mutrikun eta Ondarroan
Zapatuan [ekainak 1], 17:00etan hasita, Mutrikuko Udalaren XX. ikurrina jokatuko dute. Domekan [ekainak 2], berriz, Ondarroako VIII. Antiaguako Ama traineru estropada jokatuko dute, 11:30ean hasita. Biak ala biak denboraldi aurreko azkenetariko estropadak izango dira.
Mutriku Arraun Taldeak antolatutako estropadari dagokionez, nagusi mailako gizonezkoen 16 traineruk parte hartuko dute, hiru txandatan banatuta. Txanda guztietan lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte traineruek.
Lehen txandan uretaratzen lehenak Mutriku, Getxo, Lapurdiko eta Orio B izango dira, eta handik hiru minutura hasiko dira arraunean Arkote, Zumaia, Getaria eta Zarauzko ontziak. Bigarren txandan, berriz, Isuntza, Pasai Donibane Koxtape, Sanpedrotarra eta Ondarroako arraunlarien txanda izango da. Azken txandan Hondarribia, Urdaibai, Itsasoko Ama eta Kaiarriba nor baino nor azkarrago ariko dira.
Ondarroa Arraun elkarteak antolatutako estropadan, bestalde, nagusi mailako 32 traineruk parte hartuko dute, lau txandatan banatuta. Emakumeen kategorian 12 traineruk parte hartuko dute, eta gizonezkoen kategorian gainontzeko 20rek. Ondarroako proba, ohi modura, erlojuz kontrako eran jokatuko dela adierazi dute. “Minutu bateko atzerapenagaz irtengo dute. Ontzi bakoitzak lau luze eta hiru ziaboga egin beharko ditu”.
Proba egiten lehenak emakumeak izango dira. 11:30ean uretaratzen lehena Lapurdi izango da, eta, atzetik Isuntza, Zumaia, Kaiku, Tolosaldea, Deusto, Ondarroa, Hibaika, Donostiarra, Hondarribia, Arraun lagunak eta Orio.
12:00ak inguruan, bigarren txandagaz hasiko dira. Deusto B izango da parte hartzen lehena, eta, atzetik uretaratuko dira Castreña, Hondarribia B, San Juan B, Portugalete, Santoña, Donostiarra B. 12:35 aldera, hirugarren txanda hasiko da. Zumaia izango da uretatzen lehena, eta atzetik, Arkote, Zarautz, Deusto, Astillero eta Isuntza. Azken txanda, 13:10 aldera hasiko da. Kaiku hasiko da lehenengo aurrean, eta atzetik, San Pedro, Donostiarra, Santurtzi, Orio, Bermeo eta Ondarroa ariko dira nor baino nor azkarrago.