Astelehenean hasiko dituzte Ondarroako Plaiko Zubia desmuntatzeko lanak
Hiru egunetan egingo dituzte desmuntatze lanak. Zubia lau zatitan banatuta eramango dute. Segurtasuna bermatzeko, Alamedaren zati bat itxita egongo dela aurreratu dute.
Plaiko Zubia desmuntatzeko lanak hasiera batean asteon egin behar bazituzten ere, astelehenean [ekainak 3] hasiko dituztela jakitera eman dute lanak egiteaz arduratuko diren Orion enpresako arduradunek. «Datorren asterako prestaketa lanak egiten ari gara. Zubia sendotuko duten tirante batzuk ipiniko ditugu, astelehenean garabia zubiaren zatiak kentzen hasten denean egiturak kalterik ez edukitzeko».
Aurreratu dutenez, hiru egunetan egingo dituzte lanak, eta zubia lau zatitan banatuta eramango dute. «Aurreikusten dugun arazorik handiena zati horiek zelan eraman izango da. Zati bakoitza trailer banatan eraman nahi dugu, baina horretarako errepidea moztu beharko da. Errepidea mozten ez badigute uzten, kamioi txikiagoak erabili beharko ditugu zatiak garraiatzeko. Kasu horretan, zati bakoitza zati gehiagotan eraman beharko dugu».
Lanak direla eta, hurrengo egunotan Artibai ondoko oinezkoen pasealekua itxita egongo da, Calatrava eta Plaiko Zubiaren artean. «Segurtasuna bermatzeko, barikuan, astelehenean eta martitzenean itxita egongo da». Eta desmuntatze lanek irauten duten tartean, berriz, txalupa txikientzako pasabidea ere itxita egongo da. «Alde bateko zatia kentzen ari garen bitartean, bestetik pasa ahal izango dira, eta, alderantziz».
Zatiak, berriz, zubiaren alde banatan ipiniko dituzten garabiekin aterako dituzte. Hori dela eta, Alamedako zati bat ere, badaezpada itxi egingo dutela jakitera eman dute. «Segurtasuna bermatzeko bertan dauden tabernariek ezingo dute terrazarik ipini. Pieza handiak dira, eta ateratzeko orduan garabiak bueltatzen dituenean eremu handia beharko dugu».