Urruzuno literatur sariak jaso dituzte Lea-Artibaiko lau ikaslek
Markina BHIko Paula Kareaga eta Jone Urbieta saritu dituzte prosa mailan. Poesia kategorian, bestalde, Amets Amutxastegiren (Lekeitio BHI) eta Naia Badiolaren (Ondarroa BHI) lanek lortu dute Urruzuno saria.
Euskaraz idazteko zaletasuna Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gazteen artean bultzatzea du helburutzat Urruzunotarrak gehituz literatur lehiaketak. Aurtengo saridunak ezagutara eman dituzte, eta beste urte batez, sarituen artean Lea-Artibaiko ikasleak daude.
Poesian nahiz prosan bi maila bereizi dituzte. Prosa B mailan, Markina BHIko Paula Kareaga Katisha dut izena lanagatik eta Jone Urbieta Barkaidazu-rengatik saritu dituzte.
Poesiari dagokionez, Ondarroa BHIko Naia Badiolak Niak lanagatik Poesia A mailako saria irabazi du. B mailan Lekeitiora joan da saria. Lekeitio BHIko Amets Amutxastegiren Denbora Makina izeneko lana saritu dute.
175 partaide. 2019ko Urruzunotarrak gehituz lehiaketan 175 lan aurkeztu dira guztira. Horien artean, 21 literatura lan saritu dituzte. Saridunek irailaren 2tik 6ra literatura egonaldia egingo dute Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean.
Egonaldia bukatu ondoren, irailaren 6an, sari banaketa ekitaldia izango dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusian.