Ondarroako ontzi bat atzeman dute Azoreetan, drogaren aurkako operazio batean
Ondarroako 'Gure Leire' arrantzontzia aurreko astean atzeman zuten, 2.500 kilo kokainagaz. Ontziko zazpi marinelak (bi ondarrutar eta bost galiziar) kartzelara bidaltzeko agindua eman dute.
Espainiako Aduana Zaintzeko Zerbitzuak Ondarroan erroldatuta dagoen Gure Leire arrantzontzia atzeman zuen maiatzaren 27an Azoreetako irleetatik oso gertu. Hegoameriketako Surinamgo errepublikatik zetorren ontzi handiago batetik droga fardelak hartuta zituela abordatu zuen Fulmar kostazainen ontzi patruilariak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzendutako operazioan 2.500 kilo kokaina atzeman dituzte ontziko hozkailuan ezkutatuta. Poliziaren ustez, ontzi ondarrutarrean atzemandako droga Galiziako porturen batean deskargatzeko asmoa zuten, arrain artean ezkutatuta. Ontzian zihoazen zazpi marinelak atxilotu dituzte; Poliziak atxilotuen bizilekuak (bi Ondarroan eta beste bat Berriatuan) eta ondasunak miatu ditu.
Arrantzontzia gaur [maiatzak 3] goizean porturatu da Vigon (Galizia). 11:00ak inguruan hasi dira droga deskargatzen, eta drogari egindako testak kokaina dela baieztatu du. Denetara, Vigoko epailearen esku geratuko diren purutasun oso handiko 84 droga fardel deskargatu dituzte. Atzemandako kopuruak 80 milioi balioa izango luke legez kanpoko merkatuan. Ontziko zazpi marinelak (tartean patroia eta armadorea), berriz, Vigoko epaitegiko epailearen esku geratu dira, eta kartzelara bidaltzeko agindua eman dute, behin-behinean.
Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Aduana Zaintzeko Zerbitzuen artean elkarlanean zuzendu dute droga operazioa, eta, dirudienez, Galiziako droga trafikoagaz lotura du. Agertu dutenez, Marrazo deituriko operazioa apirilean hasi zuten. Ikerketaren arduradunek azaldu dutenez, Coruñako portuan sartu zenean Aduana Zaintzari piztu zizkion susmoengatik hasi zuten ikerketa, Ondarroako ontziak neurriz kanpoko erregaia ontziratu zuela ikusita. Gaineratu dutenez, ontziak drogra trafikoagaz lotura zuela aspalditik susmatzen zuten.
Atlantikoko uretan drogaren aurka azken bost hilabeteotan egindako bosgarren operazioa da. Operazioak zabalik jarraitzen du.