Urdaibai, Donostiarra eta Orio nagusi, Mutriku eta Ondarroako estropadetan
Mutrikuko XX. Bandera Urdabaiko gizonezkoen traineruak irabazi du. Ondarroako VIII. Antiguako Ama traineru estropadan, berriz, Orio emakumezkoetan eta Donostiarra gizonezkoetan izan dira azkarrenak.
Asteburuan denboraldi-aurreko azkenenetariko traineru estropadak jokatu dituzte Mutrikuko eta Ondarroako uretan. Mutrikun, esaterako, Mutrikuko XX. Bandera egon zen jokoan zapatuan [ekainak 1]. Parte hartu zuten nagusi mailako gizonezkoen hamabost traineruetatik Urdabai izan zen azkarrena. Bermeotarrarrek 19 minutu 50,85 segundo behar izan zuten lau luze eta hiru ziaboga egiteko.
Estropada oso lehiatua izan zen. Bermeotarrek hirugarren txandan egin zuten arraunean, eta hain zuzen ere, txanda horretan erabaki ziren lehen lau sailkatuak ere. Urdaibaik eta Kaiarribak parez pare amaitu zuten, eta donostiarrek estropada oso ona egin bazuten ere, bermeotarrek baino 1,04 segundo beranduago amaitu zuten estropada. Hirugarren postua Hondarribiak eskuratu zuen, 13,08 segundora.
Bertoko ordezkarien artean Ondarroa izan zen onena. Antiguako Ama-k laugarren amaitu zuen (21,69 segundora). Isuntzak, berriz, seigarren postua eskuratu zuen (43,71 segundora) eta Mutrikuk 15. postua (2 minutu eta 39,79 segundora).
Domekan [ekainak 2], berriz, VIII. Antiguako Ama estropada jokatu zuten Ondarroako badiako uretan. Erlojuz kontrako eran jokatu zen proba, eta uretaratzen lehenak emakumeak izan ziren. Parte hartu zuten hamabi traineruetatik azkarrena Oriokoa izan zen 10 minutu eta 48,52 segundoko denboragaz. Tolosaldeak eta Arraun Lagunak klubetako ontziek, hurrenez hurren, bigarren (3,72 segundotara) eta hirugarren (3,82 segundotara) amaitu zuten. Eskualdeko ordezkarien artean Ondarroa izan zen azkarrena. Ondarrutarrek hamargarren amaitu zuten (33,82 segundora) eta Isuntzak hamabigarren (42,79 segundora).
Gizonezkoen mailan, ostera, parte hartu zuten 21 ontzietatik azkarrena Donostiarra A izan zen. Proba amaitzeko 19 minutu eta 28,52 segundo behar izan zuten. Ondarrutarrek bigarren amaitu zuten 7,66 segundora eta hirugarren postua Oriorentzat izan zen 13,33 segundora. Isuntzak ere maila ona erakutsi zuen, 6. postua eskuratuz (39,62 segundora).