Amaitu da urteko lehen seihileko antxoa kanpaina
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak kanpaina amaitutzat eman du bart gauerdian [ekainak 4]. Ministerioko ordezkariek kofradiei bidalitako ohar baten bidez nabarmendu dutenez, lehen seihilerako ezarritako kuota (20.615 tona) gainditu egin da, eta horregatik itxi dute kanpaina. “Deskargetatik eta salmenta oharretatik jaso ditugun datuak kontuan hartuta itxi dugu kanpaina”.
Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek nabarmendu dutenez, kanpaina oso ona izan da. Deskarga asko eduki ditugu. Batez ere, Galiziako ontzi asko porturatu dira kanpainan”. Kanpaina kopuru aldetik aberatsa izan dela aitortu dute. “Prezio aldetik, baina, ez da hain aberatsa izan. Beste portu batzuetan baino arrain txikiagoa saldu da berton. Tamaina handiagoko arraina mendebalderago arrantzatu dute, Santoña eta Laredo inguruetan, batez ere”.
Kanpaina amaituta, kanpotik etorri diren ontzietako asko euren jatorrizko portuetara bueltatu dira. “%90a, gutxi gorabehera, joanda dago. Geratu diren ontzi gutxiak legatzetan geratu dira, baina horiek ere laister joango direla uste dugu”.