Ekainaren 1etik martxan dago TAO zerbitzua Karraspion
Mendexako Karraspio hondartzako aparkalekuan TAO zerbitzua jarri dute aurten ere. Egoiliarrek 2019-2020 udaldietarako TAO txartela eskuratu dezakete 3 euroren truke, udal bulegoetan.

TAO zerbitzua ipini dute Mendexako Karraspio hondartzako aparkalekuan datozen hilabeteetarako. Ekainaren 1ean [zapatuan] jarri zuten martxan, eta irailaren 30era bitartean egongo da indarrean, 10:00etatik 20:00etara arteko ordutegiagaz.
55 aparkaleku daude hondartzan, eta horietatik zortzi mendexarrentzat erreserbatu dituzte, iaz baino bi gehiago, hain zuzen. Aurten hiru makina jarri dituzte Karraspion. Gutxieneko denbora 30 minutuan ezarri dute, eta gehienez 10 orduz utzi ahalko dira ibilgailuak. Ordu erdiko aparkalekuagatik 50 zentimo ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek, eta hamar orduz utziz gero, 10 euro.
Egoiliarrentzako txartela. Aurten egoiliar txartela eskuratzen dutenek, datozen bi udaldietarako baimena izango dute. Udalerrian gutxienez bi urtez erroldatutakoek edota Mendexako erroldan agertzen diren ibilgailu baten edo gehiagoren jabeak diren egoiliarrek jaso dezakete udal bulegoetan TAO txartela, 3 euroren truke. Jakitera eman dutenez, ezinbestekoa da udalagaz zorrik ez edukitzea txartela eskuratzeko.