Itsasora botatzen den zabor kopurua gutxitzeko kanpaina abiarazi du Lekeitioko Udalak
Iaz 8.131 kg zabor batu zituzten itsasoan. Zaborra %5 gutxitu nahi dutela azaldu dute.

Iazko uda denboraldian ur kontsumoa gutxitzea izan zuten helburu, eta aurten itsasora botatzen den zaborra %5 gutxitu nahi dutela azaldu du Lekeitioko Udalak. Horretarako sentsibilizazio kanpaina bat abiarazi dute herritarren eta bisitarien parte hartzea lortzeko.
Jakitera eman dutenez, iazko udan ia 166.000 bisitari izan zituzten Isuntza hondartzan, 2017an izandakoaren ia bikoitza. Hala ere, erabiltzaileko 12,88 litro ur erabiltzetik 7,71 litrora jaistea lortu zela zehaztu dute, hau da, ia erdira. “Eta, guztion laguntzarekin, oraindik gehiago ere jaitsi daiteke”.
Ur erabilera gutxitzea albo batera utzi barik, zabor kopurua gutxitzen jarriko dituzte indarrak aurten. Izan ere, iaz 8.131 kg zabor batu zituzten itsasoan eta ingurugiroa zaintzea guztion eginkizuna dela diote. “Gure kostaldea zaintzeko ahalegina egin behar dugu eta hondartzetan dauden zaborrontziak erabili. Itsasora botatzen diren hondakinak ingurugiroari eragiten diote zuzenean eta noski, guri ere bai. Beraz, gure kostaldeaz gozatzen jarraitu nahi baldin badugu, beharrezkoa da zabor kopurua gutxitzea”.
2019ko uda denboraldiko eta ingurumen jarduerari buruzko informazio guztia Lekeitioko Udalaren webguneko Isuntza Hondartza atalean jarri dute.

Itsasora botatzen diren zaborren kopurua gutxitzeko kanpainaren kartela.