Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna ospatuko dute barikuan Etxebarrian
Urtero modura, XIII. Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak banatuko dituzte eta ume eta gazteei zuzendutako ekintzak ere egongo dira.

Eskualdeko ekintzaileen lana azaleratu eta merezi duten esker ona eman asmoz Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna antolatu dute aurten ere, Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroak. Urtero modura, XIII. Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak banatuko dituzte barikurako [ekainak 7] prestatu duten ekimenaren baitan. Bi modalitate sarituko dituzte, eta Emakume Ekintzaileari aipamen berezia egingo diote. Urtero, eskualdeko herri ezberdin bat aukeratzen dute ekimena ospatzeko, eta aurtengoan Etxebarria izango da topalekua.
16:30ean hasiko dira Ekintzaile Eguneko ekimenak ume eta gazteei zuzendutako ekintzekin. Udaletxe aurreko plazan ume eta gazteentzako tailerrak egongo dira 18:30ak arte. Alde batetik, Sustraiak Natura turismo aktibo eta abentura-kirola eskaintzen duten Etxebarriko ekintzaileen eskutik, zirku oreka eta malabarismo tailerra eta Stand-up paddle erraldoia egongo dira. Bestalde, Rosa Etxabe Etxaberriko artistarekin estanpazio teknikak ikasteko aukera edukiko dute. Ondoren, Hamen Bertokoa proiektuko kide diren Olaia taberna eta Meabeko Ogixek txokolatea eta bizkotxoa banatuko dituzte.
19:00etan egingo dute XIII. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa. Negozio ideia berritzailearen irabazleak 2.000 euroko saria lortuko du, eta ostalaritza, merkataritza, turismo eta zerbitzu enpresen alorreko irabazleari 1.500 euroko saria emango diote. Horrez gain, 500 euroko saria eramango duen aipamen berezi bat ere egongo dela aurreratu dute, Emakume Ekintzaileari eskainia. Aurten, gainera, berrikuntza bezala, lehen bi modalitateetan saria jasotzen duten ekintzaileei euren proiektuak bultzatzeko lagungarri izango zaien sustapen bideo bat egiteko aukera ere oparituko diete.
Lehiaketak gero eta harrera hobea daukala jakinarazi dute antolatzaileek. Horrela, 24 proiektu izan dira aurtengo lehiaketara aurkeztu direnak.