Lekeitioko Altzuan hazkuntza taldeak kalitatezko udal liburutegi zerbitzua eskatu dio udalari
Mailegu jarduera eta ikasketa gela tradizionala gaindituko dituen liburutegi baten aldeko apustua egitea nahi dute, liburutegi arduradun bat jarrita.

Altzuan hazkuntza taldekoek azaldu dutenez, liburu mailegua eta ikasketa gela dira Lekeitioko liburutegiaren jarduera nagusiak. “Horrez gain ez du kultura sustatzeko ezelako jarduerarik garatzen, eta ekipamenduak ez daude haurrentzako egokituak”. Orokorrean, herriko kultur elkarte eta hazkuntza taldeekin inolako loturarik ere ez daukala gaineratu dute, eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamizaziorik ez omen da existitzen.
Horren aurrean, mailegu jarduera eta ikasketa gela tradizionala gaindituko dituen liburutegi baten aldeko apustua egitea eskatzen dio Altzuanek udalari, eta horretarako liburutegi arduradun baten postua beharrezkoa dela ikusten dute, “eginkizun horretarako ikasketa espezifikoak burutu dituen arduraduna”.
Jakitera eman dutenez, egungo liburutegi arduraduna jubilatu egingo da, eta diotenez, “udalak bere ordez ez du beste liburuzain bat jarriko”. Horren ordez, liburu teknikari laguntzaile postu bat atera berri dutela azaldu dute, hurrengo bi urteetan liburutegia kudeatuko duena. “Liburutegi laguntzaile postu hau barne deialdi bidez esleitu da, eta prozesuan parte hartzeko betekizun bakarrak batxilergo ikasketak eta udaleko langilea izatea izan dira. Ez da liburutegiekin lotutako inolako ikasketa espezifikorik eskatu, nahiz eta laguntzaile postuari liburuzain bati dagozkion eginkizunak egokitu dizkioten”.
Lekeitioko liburutegiak orain arte behargin bakarra izan duela aitatu dute, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Liburutegi Kudeaketa Oinarri Txostenaren arabera, Lekeitioko Udal Liburutegian, biztanle kopurua kontuan izanda, liburuzain bat eta bi edo hiru laguntzaile izatea gomendatzen dituela jakitera eman dute. “Liburutegiko arduradunari dagokio liburutegiaren kudeaketa lana: liburutegiko edukiak sortu eta eguneratu eta liburutegiaren dinamizazioa irakurzaletasuna sustatzeko”. Eta eginkizun horiek modu egokian aurrera eramateko beharrezkoa dela uste dute liburutegiko arduradunak ikasketa zehatz batzuk izatea, “kalitatezko liburutegi zerbitzu bat bermatzeko”.