GI-638 errepideko lanak egiterakoan babestutako garo landarak moztu dituztela salatu du Mutriku Natur Taldeak
Woowardia radicans espezieko 27 garo landara moztu dituzte errepidearen hobekuntza lanetan. Mutriku Natur Taldeko kideek salaketa bidali diote Ingurumen fiskaltzari.
Mutriku Natur Taldeko kideek salatu dutenez, babestuta dagoen woowardia radicans espezieko 27 garo landara moztu dituzte errepidearen hobekuntza lanetan. Obrako langileek Alkolea inguruan tunela egiten ari diren paretik kendu dituzte landareak, hain zuzen. “Ia landare guztiak desagertarazi dituzte. Txiki-txikiak diren landare pare bat geratu dira bakarrik bizirik”.
Talde ekologistako kideek salaketa bidali diote Ingurumen fiskaltzari. “Garo oso bereziak dira, izan ere, ez dira edonon hazten. Leku puntualetan bakarrik hazten dira, eta horregatik daude babestuta. Egindakoa delitua da. Obra guztietan ingurumen jarraipena egiteko enpresa bat kontratatzen da. Gertatutakoa enpresa horren akatsa izan dela uste dugu”.
Salaketa jarrita gero, Gipuzkoako errepideen saileko ordezkariak eta obrako arduraradunak natur taldeko kideekin harremanetan jarri dira, barkamena eskatzeko. “Arrazoi osoa dugula esan digute. Eremu horretan landareak birlandutako zituztela esan ziguten. Moztuta gero oraindik ere indar asko zuten landareen kimuak birlandatu dituztela uste dugu. Hori bai, herrian zabaldu zen modura, obrak ez ziren gelditu. Dakigunaren arabera, kimu berriak birlandatzen egon ziren bi egunetan ez zuten gune horretan lanik egin. Dena den, beste lanekin jarraitu zuten”.
Natur Taldeko kideek garoei eragiten zaien kalteak ahal den neurrian gutxitzeko eskatu dute, eta kalteren bat eraginez gero, landareak birlandatzeko eskatu dute. “Turruntegiko ubide ingurua birlandaketa egiteko leku aproposa dela iruditzen zaigu”.