Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak 1.132 euro batu ditu Mutrikun egindako bilketan
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartekoek mutrikuarren eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute. Batutako dirua bularreko minbiziaren immunoterapia ikerketa proiektu batera bideratuko dute.
Elkarteak diru bilketa solidarioa egin zuen maiatzaren 22an Goiko eta Beheko plazetan, eta bertan batutako dirua bularreko minbiziaren immunoterapia ikerketa proiektu batera bideratuko dute. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek mutrikuarren eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute. “AECC Gipuzkoaren Debabarreneko batzordeak eskerrak eman nahi die minbiziaren aurkako diru bilketan lagundu zuten pertsona guztiei. Goiko eta Beheko plazetan jarritako mahaietan, guztira, 1.132,38 euro jaso genituen”.
Bilketa solidarioan hamar boluntariok parte hartu zuten. Eta elkarteak nabarmendu duenez, “beste urte batez, bertakoen zein kanpokoen elkartasuna eta eskuzabaltasuna agerian geratu dira, minbiziaren aurkako ekimen honetan laguntzera gonbidatu ditugunean”. Diru bilketa egitearekin batera, gainera, herritarrei hurbilen duten egoitza Eibarren dutela azaldu zieten. “Urteko egun guztietan pazienteei eta senideei laguntza emateko lanean ari direa gogorarazi genien”.
Diru bilketa solidarioan jasotako diruari esker, elkarteak ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen, gaixoari zein haren senideei babesa eta laguntza emateko programak bideratzen eta gaixotasuna modu goiztiarrean detektatzeko eta aurrea hartzeko kanpainetan esku hartzen jarraituko du. “Elkartearen zerbitzu guztiak doakoak dira. Diru bilketak eta antzeko ekimenak ezinbestekoak dira lanean jarraitu ahal izateko”.
Gogorarazi dutenez, Gipuzkoako lurralde osoan bularreko minbiziari buruzko proiektuetan inbertitzeko 160.000 euro lortu nahi dituzte. Ikerketaren zati bat finantzatzen lagundu nahi duten guztiek Internet bidez ere egin ditzateke ekarpenak. Herriz herri eta Internet bidez lortuko den dirua, zehazki, zelula gaiztoak suntsitzeko gaitasuna duten sistema immuneko zelulak sustatzen dituen terapian inbertitu nahi dute. “Ignacio Melero doktorea buru duen Nafarroako Unibertsitateko Klinikako ikerketa 2015ean hasi zen, eta 2020an amaitzea aurreikusita dago. Gure helburua immunoterapiaren erabileraren ezagutzan sakontzea da, entsegu kliniko eraginkorrak eta fidagarriak ezartzeko. Entsegu horietan, hain zuzen, norbere sistema immuneraren aktibazioa tumorearen aurkako ohiko tratamenduen erabilerarekin konbinatzen da”.