Ibone Elordi Aristondo: "Liburuan jorratzen diren gaiak nire bizitza pertsonalarekin lotu nahi nituen"
Mario Rodriguez Cobos ‘Silo’ idazle argentinarraren 'Siloren mezua' (El mensaje de Silo) liburua euskaratu du ondarrutarrak. Zapatuan [ekainak 8] Kofradia Zaharrean emango ditu bere lanari buruzko xehetasunak, 19:30ean.
Zer da Siloren mezua? Zergatik erabaki zenuen liburua itzultzea?
Nire interes pertsonalak bultzatuta hasi nintzen. Liburuan jorratzen diren gaiak interesatu zitzaizkidan; heriotzari buruz hitz egiten da, gaixoei buruz…. Eta nire bizitza pertsonalarekin lotu nahi nituen. Familiartekoekin partekatu nahi izan dut esperientzia hori, eta itzulpen lan honek aukera eman dit.
Nola moldatu zara itzulpen lanetan?
Berez, ez naiz itzultzaile profesionala. Bakun enpresaren laguntza izan dut eta Larraitz Garmendiak zuzendu dit lana. Zaila izan da niretzat, gai sakonak, existentzialak, jorratzen dituelako liburuak, kontzeptu oso bereziz josita dago. Eta horiek euskarara itzultzea kosta egin zait. Orokorrean, Mario Rodriguez Cobos idazlearen obra itzultzen duten guztiak boluntarioak dira.
Zenbat denbora behar izan duzu itzulpena egiteko?
Urteak eman ditut lan honekin. Zatika itzuli dut liburua, gaur pasarte bat, denbora batera beste bat…. Pasarteak itzultzen joan naizen bitartean hurbilekoei bidaltzen nizkien beraiek irakur zezaten, baina gero ezabatu egiten nituen, moldatu. Eta horrek luzatu egin du nire lana.
Nola antolatuko duzue zapatuko aurkezpena?
Liburuaren pasartetxo bat irakurtzea da nire intentzioa, esaldi batzuk, agian musikarekin. Oraindik ere erabakitzeke daukat. Izan ere, nire alabak zeharkako txirula jotzen du eta beharbada aurkezpen ekitaldian emanaldi txiki bat egingo dugu elkarrekin, nahiz eta oraindik ez dugun ezer prestatu.
Zenbat jende aurreikusten duzu joatea?
Ez dakit zenbat jende etorriko den. Aurkezpena euskaraz egin nahi dut, baina ez dakit gerturatuko diren guztiak euskal hiztunak izango diren edo ez. Erdaldunak etorriz gero, arazorik gabe bi hizkuntzak erabiliko ditut, ezer ulertu gabe gera ez daitezen.