'Jokoz kanpo' antzerkiaren emanaldia, Mutriku Futbol Taldearen urteurreneko ekitaldien barruan
Emanaldia zapatuan [ekainak 8] izango da. Sarrerak klubak Erdiko Kalean ipini duen dendan eskuratu ahal dira (3 euro). Zapatuan ere erosi ahal izango dira kiroldegiko leihatilan, 19:00etatik aurrera.
Mutriku Futbol Taldeak antolatuta, futbol munduari buruzko Jokoz kanpo antzezlana taularatuko dute zapatuan [ekainak 8], 20:00etan, udal kiroldegian. Sarrerak aldez aurretik erosi nahi dituztenek klubak Erdiko Kalean ipini duen dendan eskuratu ahal izango dituzte, hiru euroren truke. Bestelakoan, egunean bertan, sarrerak kiroldegiko leihatilan egongo dira salgai, 19:00etatik aurrera.
Futbola du oinarrian Borobil Teatroa konpainaren ekoizpenak, eta umorearen bitartez, futbolean jokoz kanpo dauden hainbat balore erakutsiko dituzteĀ Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota aktoreek, Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean.
75 minutuko iraupena duen komedia satirikoak publikoaren barre algarak eragiteaz gain, gaur egungo futbol munduko hainbat “gehiegikeriari” kritika zorrotza egin eta kirolaren balio hezitzaileak zabaltzen ditu, beti ere, umorea ardatz hartuta. Ikusleari gogoeta sakona egiteko aukera ere ematen dio, izan ere, futbolaren inguruan sortzen diren pasioak zein frustrazioak hizpide dituen obrak.
Manu (Joseba Apaolaza) eta Martin (Asier Hormaza) dira antzezlaneko protagonistak. Asier Sota, berriz, futbol jokalaria izango da. Manu eta Martin kuadrilla berekoak dira, eta mutil koskorrak entrenatzen dituzte. Manu irabaztera ohituta dago. Martin, ordea, taldearen itzalean egon da beti. Biek entrenatzane dituzten taldeek aurrez aurre jokatuko dute txapelketa finala, eta biek irabazi nahi dute. “Garaipena dute nor diren frogatzeko modu bakarra, bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko aukera bakarra”.
Antzezlanaz gain, Mutrikuren eta Aurreraren nagusi mailako gizonezkoen futbol partida ikusteko aukera ere egongo da zapatuan, klubaren urteurren ekitaldien barruan. Norgehiagoka 16:00etan hasiko da San Migel futbol zelaian. Partiduan, gainera, Ander Prieto Andonegi Mutxur kapitainari agurra ere egingo diote. “Jokatuko duen azken partidua izango da. Ondo merezitako agurra egin nahi diogu”.