Gure Eskuk erreferenduma babesteko sinadura bilketa erraldoia egitea proposatu du
Herri dinamikak ekimena "herri erronka" izatea nahi du. Aurreikuspenen arabera, eta datak zehatzak ez badira ere, 2020ko maiatza eta ekaina artean egingo litzateke sinadura bilketa. Baina herri erronkari aurre egiteko dinamikak bazkide gehiagoren premia duela esan dute, "hori ezinbestekoa da".
Aurrera begira “jauzi kualitatibo” bat emateko bidea ireki lezakeen pausoa proposatu du Gure Eskuk: erreferendum bidez estatus politikoa erabaki. Hori lortzeko, sinadura bilkera erraldoia egitea proposatu dute. Sinadura bilketa hilabete batean kontzentratuko litzateke, 2020 maiatzaren eta ekainaren bueltan, hain zuzen ere. “Sinadura bilketa nahi dugun moduan bideratzen badugu eta amesten ditugun kopuruak lortuz gero, sinestuta gaude sinadura bilketa hori mugarri garrantzitsu bat izan daitekeela”, adierazi du Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk gaur [ekainak 7] Lekeition egindako eskualde mailako agerraldian.
Ekimena “herri erronka” moduan planteatu du Etxeburuk. “Ekintza kolektiboa eta masiboa izatea nahi dugu”. Aurretik, baina, herriz herri zein maila nazionalean ildo guztietako eragileekin lanketa egin beharko dela esan du. Hiru fase aurreikusten dituzte: saretu, mobilizatu eta eskaera gauzatu (sinadurak instituzioetara bideratu). “Urtebeteko prozesua izango da. Udan herrien argazkia, diagnosia egingo dugu, norengana heldu garen eta norengana ez jakiteko. Udazkenean aurkezpenak egingo ditugu, nazio mailan eta baita ere herrietan. 2020ko negu eta udaberrian manifestua adostu eta osatuko dugu, herritarrek gero sinatuko dutena. Eta azkenik sinadurak batuko dira”.
“Hau elkarlanean egin behar dugu; herritarrok eta eragileok elkarlanean lan egin behar dugu”, esan du Alex Zenarruzabeitia Gure Eskuren Bizkaiko koordinatzaileak. “Euskaraldian egin zen antzerako zer edo zer planteatzen dugu. Gure Eskuk espazioa ipiniko du, Elkargunea deitzen diogu guk, eta horretan batuko dira erabakitze eskubidearen alde dauden denak. Eta espazio horrek eragingo du mugimendua”.
Erakunde publikoei erreferenduma legeztatzeko eskaria luzatzea da ekimenaren azken helburua, eskumena dutenek eskaria errealitate bihurtu dezaten. “Erreferendumaren tresna geurenaganatu eta posible egitea nahi dugu”.
Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen herri ekimena izatea nahi dute, tokian tokiko errealitateak kontuan hartuta. Hala, lurralde nortasuna “zaindu” egin beharko dela aurreratu du Etxaburuk.
Bazkide kopurua handitzeko kanpaina berri bat ere abiatu dutela gaineratu dute. “Bazkide kopuru handitzea ezinbesteko elementua da”
Gainera, horrelako planteamendu batean epe luzerako begirada edukitzea “derrigorrezkoa” dela esan du Zenarruzabeitiak. “Sinadurak instituzioetara joango dira, eta gero ikusiko dugu hangoek zer dioten”.
Datak ez direla finkoak gaineratu dute. “Guztiok gara kronograma zehatzen aldekoak, baina malgutasuna eduki behar dugu. Kronograma bat betetzearren ez dugu aurrera egingo. 258.000 pertsonetatik gora heldu behar gara, horiek izan baitziren botoa eman zutenak”.
Datorren urtera begirako ekimena mahairatzeaz betarea, bazkide kopurua handitzeko kanpaina berri bat ere abiatu dutela gaineratu dute. “Ekonomikoki malgutasuna lortzeko zein beste eragileen aurrera muskulu sendoagoarekin bideratzeko bazkide kopuru handitzea ezinbesteko elementua da; herri erronka honi ekiteko derrigorrezkoa da. Gaur egun 2.400 bazkidera ez gara heltzen“. Bazkide egin nahi dutenek Gure Eskuren webgunean dute aukera.