162 ekintza proposatu dituzte Lekeitio adin guztietako herritarrekin "lagunkoia" izateko
2017tik hasita eraman duten prozesuaren eta Lekeitio Lagunkoia Ekintza Planaren berri eman du Lekeitioko Udalak.
Lekeitio adin guztietako herritarrekin “lagunkoia” izateko asmoz egin den prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu Lekeitioko Udalak. Guztira, herriko zortzi arlo aztertu eta landu dituzte, 42 lan ildo finkatu eta 162 ekintza proposatu. Horietatik 82 epe laburrean gauzatzekoak direla jakinarazi dute, beste 70 ekintza epe ertainean gauzatu ahal direla ikusten dute, eta azkenik, beste 10 epe luzean burutzea dute asmoa.
2017ko martxoaren 21ean osatu zuten Lekeitio adin guztientzako herri adeitsua bihurtzeko prozesuaren talde eragilea. Zehaztu dutenez, urte osoa eman zuen talde eragile horrek prozesu horren xehetasunak ezagutzen, barne araudi eta konpromisoak finkatuz eta baita prozesua eta talde eragilearen berri ematen Lekeition.
Lekeitioko Lagunkoitasun diagnostikoa egiteko, bestalde, 2018an sei talde antolatu zituzten eta 60 herritarrek parte hartu zuten horietan euren ikuspuntuak eta iritziak emanez. Horrez gain, inkesta bat ere zabaldu zuten herritar guztien iritziak jasotzeko, eta 356 erantzun jaso zituztela azaldu dute.
Diagnostikoan jasotako balorazio eta ekarpenen berri emanda, ekintza planaren diseinurako bitartekoak antolatzen aritu zen talde eragilea. “Hiru hilabetez ekintza planaren parte hartze prozesua definitzen, garatzen, difusioa antolatzen eta martxan jartzen aritu zen. Honen ondorioz, 2019ko urtarrilean eta otsailean lau saio parte hartzaile izan genituen herriko hainbat pertsona eta eragileekin”. Esan dutenez, saioen helburua diagnostikoan agertutako lan ildoei konponbidea ematea izan da, “helburuak finkatuz, ekintzak proposatuz eta epeak zehaztuz”. Saio horietan 120 lagunek parte hartu zuten ekintza plana diseinatzen.
Saioetako ekarpenak jasota, talde eragilean landu eta udal teknikariei bideratu dizkiete helburu, ekintza eta epeak bideragarriak diren kontrastatzeko. “Prozesu oso aberasgaria izan da, bizilagunen ekarpenak eta ideiak ia bere osotasunean mantendu dira ekintza planean, teknikoki bideragarriak ez zirenak salbu”.