Aitor Mimenzak eta Oihana Kortazarrek jantzi dute XV. Arnoko mendi lasterketako txapela
Oihana Kortazarrek proban ezarrita zuen errekorra hobetu du. 1.48.23 denbora ezarri du Mutrikun bizi den korrikalariak. Oinezko mendi martxa, berriz, 205 lagunek osatu dute.
Aitor Mimenza elorriarrak eta Oihana Kortazar Mutrikuko bizilagunak nagusitasun osoz irabazi dute Mutrikuko XV. Arnoko mendi lasterketa. 22 kilometroko ibilbidea betetzeko 1.44.40 behar izan zituen Durango Kirol Klubeko elorriarrak, eta Burumendi Mendizale Elkartekoak, berriz, 1.48.23 behar izan zuen lasterketa amaitzeko. Kortazarrek, gainera, sailkapen nagusiko 4. postuan amaitu zuen, eta proban ezarrita zuen errekorra hobetu zuen.
Gizonezkoen sailkapena Ion Larrañaga zumaiarrak (1.47.08) eta Xabi Astigarraga mutrikuarrak (1.47.51) osatu dute. Emakumezkoen podiuma, berriz, Haizea Anakabe ondarrutarrak (2.13.39) eta Eneritz Iraola bidaniarrak (2.26.35) osatu zuten. Mutrikuar onenaren saria Xabi Astigarragak eta Oihanak Kortazarrek jaso zuten, eta beteranoen saria, berriz, Ladis Velasco mutrikuarrak (1.55.22) eta Leire Baraibar zumaiarrak (2.04.55).
Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteko kideek adierazi dutenez, 101 lagunek amaitu zuten lasterketa domekan [ekainak 9]. “Aurten herriko gazte askok eman dute izena lasterketan. Helmugaratu diren lehen hamarretatik sei mutrikuarrak izan dira. Datu hori oso pozgarria iruditzen zaigu”.
Oinezkoen mendi martxari dagokionez, berriz, 205 bat parte hartzaile animatu ziren Burumendikoek proposatuko ibilbidea egitera. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, eguraldi ona lagun, parte hartzaileek pozik egin zuten mendi ibilaldia.