Amoranteren kontzertua, domekan, Ondarroako Portuko Ranpan
Kontzertua 19:00etan izango da, eta sarrerak aurretiaz daude salgai, Noyan eta Zurrumurrun, 4 eurotan. Txarteldegian ere salduko dituzte, baina 6 eurotan.
Iban Urizar Amorante musikari elgoibartarrak kontzertua eskainiko du domekan [ekainak 16], 19:00etan, Ondarroak Portuko Ranpan. Kontzertua Radixu Irratiak (105.5 FM) antolatzen duen #Sareartin Kontziertuk jardunaldietako saio bat da. Aurresalmentan, sarrerak Noya tabernan eta Zurrumurrun eskuratu ahal dira, 4 eurotan. Domekan txarteldegian ere salduko dituzte, 6 eurotan.
Urizarrek Rodrigo Amarante musikari brasildarraren eta Enrique Morente flamenko kantariaren abizenak nahastuz sortu zuen ezizena. Amoranteren lana “herri musika” bezala definitzen du egileak berak. Folk musika desberdinen uztarketa oinarri hartuta, aspaldiko koplak, flamenkoa edota Afrikako musikak nahasten ditu. Jotzen dituen instrumentuen artean, gitarra, harmoniuma, ukelelea, zintzarria eta tronpeta daude, eta haiekin esperimentatzen du. Bakarka aritu aurretik, Cafe Teatro, Bizarra eta Andrakan taldeetan aritu izan da.