Emozioz bete amaitu da Markina-Xemeingo 42. Esku Pilota Txapelketa
Sei mailatako zazpi partida jokatu ziren txikienetatik hasita nagusien mailaraino. Lehia politak ikusteko aukera eduki zuten pilota zaleek.
Lehia estuak egon ziren atzo goizean [ekainak 9] Markina-Xemeingo frontoi txikian jokatu ziren maila ezberdinetako finaletan. Sei mailatako zazpi partida jokatu ziren txikienetatik hasita nagusien mailaraino. Partidu onak ikusteko aukera eduki zuten pilota zaleek.
Txikien mailako partiduagaz hasi ziren neurketak. Naia Zelaia eta Oinatz Iriondo eta Joel Txurruka eta Aimar Agirrezabalaga izan ziren jokoari ekiten lehenengoak, eta partida bikain bat eginda, bigarren bikoteak eraman zituen txapelak. Bost tantuko aldeagaz irabazi zuten gaztetxoen mailako partidua Ibai Arakistainek eta Eritz Larrinagak; 18-13 irabazi zieten Unai Egiak eta Gotzon Odiagak osatutako bikoteari. Umeen mailako txapelak, berriz, Unax Albizuk eta Iker Gabikagogeaskoak jantzi zituzten, Aner Arriolari eta Alain Basterretxeari irabazi ondoren. Maila horretako beste txapelak, ostera, Luken Atutxa eta Mikel Maguregirentzat izan ziren; Endika Lopez eta Unax Ibarzabal izan zituzten aurkari finalean.
Lehia politak egon ziren bai eta gaztetxoen eta gazte mailetan ere. Urtzi Kareagak eta Markel Calvok 18-14 irabazi zieten Mikel Egurrolari eta Jokin Alvarezi gaztetxoetan eta Igor Pascual eta Erlantz Azpiazu nagusitu ziren gazte mailan Eneko Horteri eta Antxon Azpiazuri 22-17 irabazita.
Nagusien mailan, azkenik, Albizu eta Txirloi izan dira aurtengo txapeldunak, eta Bereikua eta Pujana azpitxapeldun geratu dira.
Final egunagaz amaitzeko txapelak eta garaikurrak banatu zituen Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak finalisten artean, eta pilota eskolako ume guztiei eman zizkieten dominak. Horrez gain, zozketa batzuk ere egon ziren. Alde batetik, pilotak zozkatu zituzten eskolako pilotarien artean, eta bestalde, urtero bezala otzara baten zozketa egin zuten. Otzararen zozketako zenbaki saritua 0431 izan da, eta ordezkoa 1.650.