Oriok eta Donostiarrak eraman dituzte Lekeitioko banderak
Emakumezkoen 11 traineruk eta gizonezkoen 22k parte hartu dute Isuntza Arraun Elkarteak antolatutako estropadan.
Orio eta Donostiarra nagusitu ziren atzo [ekainak 9] Lekeition lehiatu zen aurre denboraldiko azken estropadan. Horrela, emakumeen Lekeitioko 9. bandera Oriok eraman du eta gizonezkoen 41. bandera Donostiarrak. 22 segunduko aldea atera zion Oriok bigarren geratu zen Hondarribiko traineruari, eta gizonezkoetan ere Hondarribia geratu zen bigarren ia 21 segundora.
Emakumeak izan ziren uretara ateratzen lehenengoak. Erlojuaren kontra aritu ziren lehian parte hartu zuten 11 traineruak. Euskotren Ligako lau traineruek maila handia erakutsi zuten eta lehen lau postuak bere egin zituzten. Orio (11.51) eta Hondarribiren (12.13.11) atzetik geratu ziren Arraun Lagunak (12.25.50) eta Donostiarra (12.32.97).
Eskualdeko traineruei dagokienez, Lekittarra Isuntza AEko neskak 10. postuan geratu ziren 13:20.04 denboragaz eta Ondarroako trainerua 11. a izan zen 13.34.90 denbora eginez.
Emakumeen erlojupekoaren ondoren hasi ziren gizonezkoen txandak. Alde batetik, erlojupeko txanda bat eduki zuten, eta bestetik, lerrokatutako hiru txanda. Hirugarren txandan atera ziren Donostiarra eta Hondarribia, Zierbena eta Santurtziko traineruekin batera. 3. luze ikusgarria eginda, abantaila hartu eta lortu zuten garaipena. 21.44.54 denboran amaitu zuen estropada Igor Makazagaren arraunlariek, 22.05.46 denbora egin zuen Hondarribiak eta 22.16.68 Zierbenak.
Gizonezkoetan Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko traineruen artean Isuntzak egin du denbora onena. Isuntzak 8. postua eskuratu zuen 22:38.59 denboragaz. Busturialdea 12.a izan zen (23.08.32) eta Mutriku 20. geratu zen (24.40.53).