Fausto Mugertza mutrikuarrak hirugarren amaitu du Aizkolari Eskalatzaileen I. Txapelketa
Aizkolari mutrikuarrak zapatuan [ekainak 8] Bilboko Areatzan jokatu zen aizkora txapelketa berezian parte hartu zuen. Basque Sports enpresak antolatutako txapelketan David Naredoren, Julen KaƱamaresen, Eneko Saralegiren eta Jokin Alkizaleteren aurka neurtu zituen indarrak. Naredok irabazi zuen norgehiagoka.
Probari dagokionez, aizkolariek 45 ontzako enborra moztu behar izan zuten bertikalean. Lanak, baina, australiar estiloan egin behar izan zituzten, bost metroko altuerara igota. Proba ikusgarria izan zen. Sailkapen fasean bost aizkolariek batera egin zituzten lanak. Bost metroko altuera igotzeko enborrean zuloak egin behar zituzten, eta hiru ohol ipinita enborraren gorenera igo ondoren, kolpeka enborra lurrera ahalik -eta azkarren botatzen ahalegindu behar izan zuten.
Lehen fasean denborarik onenak egin zituzten laurak hurrengo fasera igaro ziren. Horien artean egon zen aizkolari mutrikuarra, lanak David Naredoren eta Eneko Sarelegiren atzetik amaituta. 3 minutu eta 26 segundo behar izan zituen.
Lehen kanporaketa jokatu ondoren, berriz, lehen lau sailkatuek finalaurrekoak jokatu zituzten. David Naredoren (txapelketako irabazlea) aurka neurtu behar izan zituen indarrak Mugertzak, eta ezin izan zuen finalerako txartelik lortu. Asturiasko aizkolariak 2 minutu eta 22 segundotan gelditu zuen kronoa, eta mutrikuarrak, berriz, 4 minutu eta 38 segundotan amaitu zituen lanak.
Mugertza I.ak aitortu duenez, oso urduri egon zen. “Irabaztea ez nuen posible ikusten, baina lan hobea egitea banuela uste dut. Oso gaizki ibili nintzen. 20 urte inguru daramat antzeko erakusketak egiten, baina, normalean, bakarka aritzen naiz, binaka ere, tartean-tartean. Beste lau aurkariren aurka estreinako egin nuen; nire buruarentzat presioa gehiegizkoa izan zen”.
Urduri egon zenez, lan egiterako orduan ez zuela asmatu gaineratu du. “Nik uste baino azkarrago ibili ziren aurkari batzuk, ziztu bizian. Gora joateko enborrean zuloak egiten hasi nintzenean, aurkariak goraka aldentzen ikusi nituen, eta azkenean, zuloak ez nituen behar bezala egin. Goian, gero, lan egiterako orduan beldur pixka batekin ere ibili nintzen, taula ondo eutsita egongo ez zenaren beldur”.