Zarautzek irabazi du Ondarroako II. Neskatila Txapelketa
Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak antolatuta, kadete mailako Neskatila Txapelketa jokatu zen bigarrenez domekan [ekainak 9] goizean Zaldupen. Txapelketan zortzi taldek parte hartu zuten, iaz baino bi gehiagok. Horietan guztietan onena Zarauzko taldea izan zen. Finalean 3-0 irabazi zion Eibarko taldeari.
Bi multzotan banatuta jokatu zuten txapelketaren lehen zatia. A multzoan Eibar A, Zarautz, Amaikak Bat eta Bizkerre B aritu ziren. B multzoan, berriz, Aurrera, Zumaiako, Eibar B eta Bizkerre A. 20 minutuko partiduak jokatu zituzten, eta multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdietarako txartela lortu zuten. A multzotik Eibarko bi taldeak igaro ziren hurrengo fasera, eta B multzotik, Zumaiako eta Zarautz.
Lehen finalerdian Eibarko bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten. Eibar A nagusitu zen, 2-0 aldeko markagailuagaz. Bigarren finalerdian, berriz, Zarautzek 2-0 irabazi zion Zumaiakori. Finala iazko bi taldeek jokatu zuten, eta Eibarri 3-0 irabazi ostean, Zarautzentzat izan da aurtengo garaikurra. Hirugarren eta laugarren posturako lehian Zumaiakok 3-0 menderatu zuen Eibar B. Herriko taldeakĀ maila ona erakutsi bazuen ere, ez zuen finalerdietarako txartelik lortu. Sailkapen orokorrean 8. postuan amaitu zuten.
Txapelketan, oro har, giro polita egon zela nabarmendu dute Aurrerako zuzendaritza taldeko kideek. “Herrian nesken futbola sustatzeko beste aurrepauso bat emanda”, balorazio ona egin dute. Gaineratu dutenez, taldeek kiroltasun handiagaz jokatu zuten. “Partida guztien amaieran elkarren aurka indarrak neurtu zituzten talde biek elkar agurtu zuten, kiroltasunez”. Txapelketak izan duen erantzun ona ikusita, datorren urtean ere antolatzeko nahia agertu dute.
Honakoa da sailkapena:
- 1. Zarautz
- 2. Eibar A
- 3. Zumaiako
- 4. Eibar B
- 5. Amaikak Bat
- 6. Bizkerre A
- 7. Bizkerre B
- 8. Aurrera