Auto elektrikoen lasterketa egingo dute Markina-Xemeinen, Bera Kruz ikastolak antolatuta
Urban Race izenburupean, lasterketa zapatuan [ekainak 15] egingo da, herrigunean. 09:30ean parte hartuko duten autoen erregistroa egingo da, 10:00etatik 11:30era autoen azterketa teknikoak, 11:30etik 12:15era autoen errendimendu frogak, eta, azkenik, lasterketa 12:30ean hasiko da.
Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastolako DBH2ko ikasleak GreenpowerIberia elkarteak sortutako auto elektrikoen Kidskitcar proiektuan ari dira parte hartzen, F24 kategoriako autoekin. Ekainaren 1ean, Nafarroako Los Arcosen dagoen zirkuituan lehiatu zuten, eta hiru sari lortu zituzten; proiektu onenaren atalean lehen eta hirugarren sariak eta kontzientzia, etika eta kiroltasuna saritzen dituen Spirit of Greenpower aipamen berezia eskuratu zuten Markina-Xemeingo ikasleek. Orain, proiektuaren harira, ikastolak Bera Kruz Urban Race lasterketa egingo du zapatuan [ekainak 15], Markina-Xemeinen.
Lasterketa ikasle, irakasle, guraso eta enpresa zein erakundeen laguntzagaz egingo dutela esan dute. Lasterketa herrian bertan egingo da. Parte hartzaileak ikastolatik aterako dira, Agustin Deuna kaletik gorantz egingo dute, eta Xemein etorbidea zeharkatuta, berriro ere ikastola aurretik igaroko dira eta ibilbidea errepikatuko dute.
Lasterketa 12:30ean hasiko bada ere, aurretik beste hainbat egiaztapen egingo dituzte: 09:30ean parte hartuko duten autoen erregistroa egingo da Tate eta La Caixa artean egongo diren karpetan, 10:00etatik 11:30era autoen azterketa teknikoak egingo dituzte eta 11:30etik 12:15era autoen errendimendu frogak. “Lasterketa 14:00ak aldera amaituko da, eta sari banaketa 15:00etan egingo da”, zehaztu dute.
Guztira 11 autok parte hartuko dute lasterketan: Gaztelueta ikastetxeko bost talde (Black Arrow, Alpha, Beta, Lambda eta Gamma), Jesuitinak ikastetxeko bi talde (Red eta Green), Somorrostroko ikastetxeko talde bat (S15), guraso eta ikasle ohiekin osatutako GPZ talde independientea eta Bera Kruzeko bi talde (BKI Racing eta BK Speed Masters).
Azaldu dutenez, lasterketak iraun bitartean, taldeek beraien proiektuak aurkeztuko dituzte ikastolan, ingeniariz osatutako epaimahaiaren aurrean. “Zelai ingurura hurreratzen direnek, F24 autoen gurpilak aldatzeko antolatutako tailer bat ere edukiko dute, 11:00etatik 14:00etara, Arkupe aurrean“.
Proiektuaren nondik norakoak. Kidskitcar proiektuak haur eta gazteengan trebetasun teknikoak garatzea dituela helburu esan dute. “Ikasleek autoak diseinatu eta eraikitzen dituzte, gerora, hainbat lasterketatan parte hartzeko. Markina-Xemeinen egingo duten modura, lasterketa egunetan talde bakoitzak bere proiektuak aurkeztu behar izaten ditu, ingelesez, ingeniariek osatutako epaimahaiaren aurrean”.
Proiektuaren ardatzetako bat elkarlana dela diote. “Ikasle, irakasle eta gurasoek proiektuan aktiboki parte hartzen dute, Steam konpetentziak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika), ingurumenarekiko kontzientzia eta talde lana uztartuz”. Horrez gain, enpresetan eskatzen dituzten konpetentziak ere lantzen dituztela diote: sormena, komunikazioa, inplikazioa, lidergotza, talde lana… “Proiektua garatu ahal izateko, ikasleek finantzaketa bilatu behar izan dute eskualdeko enpresa eta erakundeetan. Marketina ere landu dute, beraiek egin bai dituzte logotipoak eta kamiseten eta karrozeriaren diseinuak”.