Datozen hiru urteetan garatuko duten Ekintza Plana aurkeztuko dute Ispasterren
Eguenean [ekainak 13] aurkeztuko dute Iñigo Egiluz aretoan, 17:30ean. 2017an jarri zuten martxan Ispaster Herri Adeitsua proiektua, eta, iaz, herritarren parte hartzeagaz osatutako Lagunkoitasun Diagnostikoa burutu zuten.
Ispaster adin guztientzako herria bilakatzeko asmoz hasi zen udala 2017an lanean, eta bi urteren ostean, martxan jarritako proiektuaren Ekintza Plana aurkeztuko dute bihar. Aurkezpen ekitaldia Egiluz Aretoan egingo dute 17:30ean.
“Urtebete egon gara ekintza plana diseinatzen eta hobetu beharreko zenbait praktika aurkitu ditugu. Urrian hasiko gara martxan jartzen eta hiru urteko iraupena izango du”, azaldu du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Bizitzen Fundazioaren laguntza izan dute prozesu osoan zehar, eta bertako koordinatzaileak hitz egingo du aurkezpenean, alkatearekin batera. Gainera, Ekintza Planaren txostenaren ale bat udaletxean egongo da ikusgai, eta webgunean ere jarriko dute interesatu orok kontsulta dezan.
Ispaster Herri Adeitsua. 2017. urtean jarri zuten martxan Ispaster Herri Adeitsua proiektua. Talde eragilea sortu zuten eta landu beharreko zortzi arlo adostu zituzten. Iaz, bestalde, herritarren parte hartzeagaz osatutako Lagunkoitasun Diagnostikoa aurkeztu zuten. Horretarako, hainbat elkarte, zerbitzuetako profesional eta herritarren laguntza izan zuen udalak.
“Hiru talde fokal sortu genituen identifikatutako zortzi arloen inguruan herritarrek zer pentsatzen zuten ikusteko: 60-75 urte bitarteko nagusiak batetik, 75 urtetik gorakoena bestetik, eta azkenik, hornitzaileek gizarte langileak, medikuak ostutako talde teknikoagoa”, azaldu du alkateak.
Sei saio egin, eta horrez gain, etxez etxe galdetegiak banatu zituzten, guztira 46 inkesta jasoz. Herritarrek, gainera, ekarpenak egiteko aukera izan dute apirilaren 29a arte, proposamenak udaletxean utziz edota posta arruntez zein elektronikoz bidaliz. Batean zein bestean jasotako informaziotik abiatuta ekintza planaren diseinua egin dute, lehentasunezko gaiak eta epeak zehaztuz.