Ondarroara bizitzera etorri direnei ongietorria egin die udalak
Aurten Ondarroara bizitzera etorri direnei ongietorri ekitaldi berezia egin zien udalak domekan [ekainak 9]. Udal ordezkariek azaldu dutenez, Ongi Etorri protokoloaren barruan kokatzen da ekimena. Udalak bigarrenez antolatu du ekitaldia; izan ere, urtean bi egitea aurreikusten du protokoloak.
Ongietorria emateaz gain, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak aurkeztu zizkieten etorri berriei. Ekitaldian, gainera, kezkak konpartitzeko tartea ere eduki zuten. “Ondarroako Udalarentzat garrantzitsua da ekimen aitzindari hau. Aurreiritzien kontra, kanpotik datozenek herria bizirik mantentzen laguntzen dute, bertan lan eginez eta bertan biziz. Ondarroa herri bizia izango bada, aniztasunaren alde egiten duen lanari esker izango da”.
Aurten etorritako herritarren erradiografia ere aurkeztu zuten domekan. Ikerketak dioenaren arabera, etorri berrien gehienak Senegaldik arrantza sektorera lanera etorritako 20 eta 40 urte bitarteko gizonezkoak dira. Bigarren talderik jendetsuena Latinoamerikatik zaintza lanetara datozen emakumeena da. “Udalak argi dauka beraien lanari esker ari dela Ondarroa bizirik mantentzen, eta herritarrekĀ errealitate hau ikus dezatela nahi dugu, aurreiritziak uxatzeko”.