'Gara' egunkaria babesteko kanpaina hasi dute Ziortza-Bolibarren
2 urtez Gara-ko harpidetza ordaintzeko konpromisoa hartzeko eskatzen diete herritarrei. Etxez etxe ere informazioa banatuko dute.
Ziortza-Bolibarko herritar talde batek abiarazi du kanpaina, «komunikabide horren inguruan herri osoaren babesa aktibatzeko». Komunikabideak zigor ekonomikoari aurre egin diezaion eta ezarri dioten zorragaz ito ez dadin, herritarren artean Gara-ren ahalik eta harpidetza gehien egitea da taldearen asmoa. «Edozein herritarrek aurre egiteko moduko konpromisoa da eskatzen duguna. Hau da, 2 urtez Gara-ko harpidetza ordaintzeko konpromisoa hartzea».
Kanpainaren barruan etxez etxe informazioa eta harpidetza orria banatuko dituzte. Herriko taldeetan eta tabernetan ere informazio banaketa egingo dute, baita eztabaida pertsonalak ere. Ekainaren 22an, berriz, mahaia ipiniko dute 13:00etatik 14:30era, informazio zuzena eman eta harpidetzak jasotzeko.