Lea Artibai Ikastetxeak eta Ondarroako Institutuak Kultura Ondarea Saria jaso dute
Lea Artibai Ikastetxeak 'Zoritxarrak Garraitzera' lanagatik irabazi du saria, eta Ondarroako Institutuko ikasleek, berriz, 'Emakumeak arraunean' bideoagatik jaso dute saria. Getxoko Europa Ikastetxea ere saritu dute.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Hezkuntza Sailak elkarlanean antolatu duten V. Kultura Ondarea Sariak jaso zituzten eguaztenean [ekainak 12] Markina-Xemeingo eta Ondarroako ikastetxeetako ikasleek. Proiektuak euskal kultur ondarea nabarmendu eta zabaldu nahi du, hain zuzen, teknologia berrien bitartez. Irabazleek Napolira zazpi eguneko bidaia irabazi dute. Ekainaren 22an irtengo dute, eta kultur ondarearen ikuspegitik Italiako hirian dauden leku interesgarrienak bisitatuko dituzte.
Lea Artibai Ikastetxeak Zoritxarrak Garraitzera lanagatik irabazi du saria. Epaimahaiak lanaren balio emozionala saritu nahi izan du, baita dokumentazio lana ere. “Ikasleek nahiko ezezaguna den gertakari historiko bat gogoratu nahi izan dute: Lekeition dagoen Garraitz uhartearen iragarana, Hansen-en gaixotasuna zuten pertsonak bertara eramaten baitzituzten”.
Ondarroako Institutuko ikasleek, berriz, Emakumeak arraunean bideoagatik jaso dute saria. Lanak arraun munduak euskal ondarearen eta kulturaren ezaugarri modura izan duen bilakaera erakusten du. “Aurkeztutako lanean, gainera, esparru hori genero ikuspegitik begiratzen dute. Bideo honen bidez, esparru batzuetan emakumeak betetzen duen paperaren inguruan oraindik egiteko dagoen aldaketari buruzko alegatu bat egiten da”.
Ondarroako ikasleek, gainera, aipamen berezia ere jaso dute, “saritutako hiru bideoetako bat aurkezteaz gain, bideo gehien bidali dituen zentroa izan delako”. Ondarroako 19 ikasle taldek bidali duten euren bideoa lehiaketara.
Proiektuan DBH 3 eta 4ko, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako 33 ikastetxetako 153 ikasle taldek parte hartu dute, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengoan inoizkorik parte hartze handiena eduki dute.
Proiektuan parte hartu duten taldeek 3 eta 10 minutu bitarteko bideoak egin behar izan dituzte, ondare kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. “Ikusleek gai zehatz batiburuzko kontaketa bat osatu behar izan dute, ikus entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginez eta ikuspegi berritzaile batekin”.
Belaunaldi gazteenek kultur ondarea hedatzeko garaian duten garrantzia azpimarratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. “Kultur ondareak belaunaldi gazteenen konpromisoa behar du, era horretan haren aitortza eta zabalkundea bermatzen baita. Gazteen konpromisoari esker iraganaren eta etorkizunaren arteko kultur hariaren jarraipena bermatzen dugu”.